“Txapelketaren hasieran, ez genuen hain urrun heltzea espero; beraz, pozik gaude egin dugun ibilbidearekin, iaz baino hobeto egin dugulako. Hala ere, apur bat triste gaude atzoko partidan gure maila eskaini ez genuelako. Arerioek beste era batean jokatu zuten: lasaiago, piloteoan, gure akatsaren zain. Guk, aldiz, azkar bukatu nahi izan genituen tantoak. Partida luze egin zitzaigun eta urduri jarri ginen. Pena izan zen, baina datorren urtean berriro saiatuko gara”, esan digu Jonek.
Antolatzaileen esanetan, Markinan egin zen pilota jaialdia “kalitate handikoa” izan zen. “Neskek norgehiagoka lehiatuak eskaini zizkiguten, pilotalekura hurbildu zen ikusle andanaren gozamenerako”, esan dute ohar batean. Pilotari gipuzkoarrak nagusitu dira promozio mailan, batez ere azpeitiarrak. Izan ere, Aramendi eta Unanuez gainera, hauek izan dira final-erdietarako txartela lortu duten bikoteak: Alaitz Badiola (Azpeitia)-Oihana Orbegozo (Azpeitia); Maddi Unanue (Azpeitia)-Naroa Agirre (Zestoa); eta Ainhoa Urien (Abadiño)-Amaia Vicario (Donostia).
Laboral Kutxa Emakume Master Cup pilota txapelketa laster bukatuko da. Hurrengo hitzordua Zamudioko pilotalekuan izango da martxoaren 11n, Lehen mailako final-laurdenak bertan jokatuko baitira. Ostean, bi kategorietako final-erdiak Oñatin jokatuko dira martxoaren 18an. Eta azkenik, martxoaren 25ean, Eibarko Astelena pilotalekuan, final handiak.