Elenaren esanetan, gaur egun arte arlo honetan argitaratuko liburuak diagnostikora egon dira zuzenduta, eta esku artean doguna lehenengoa da drogaren gaineko informazio zabala ematen duena. Horrela, bada, gehien hartzen diran drogen efektuak azaltzeaz gainera, beren ondorioak be aipatzen dabez, eta zer gertatu daiteken beste substantzia batzuakaz nahasten badira. Era berean, eta atal banaka batzuk aitatzearren, adikzino eta mendekotasun motak jaso dituzte liburuan, larrialdietan arreta, zaintzak, intoxikazioa, arriskuak eta ondorioak murrizteko hezkuntza sanitarioa, patologia duala eta bere diagnostikoa, eta bilakaera. Aztertu dituzten drogen artean, ohikoaz gainera, hala nola opiazeoak, kokaina, LSDa eta cannabisa, orain dela urte batzuk modan ipini diranak be badagoz, esate baterako, “bainu-gatzak” edo droga kanibala, eskopolamina edo burundanga, ayaguaska eta “sapitoa”.
“Burmuinean sartzen danean, drogak oso ongizate handia sortzen du, ase gaituen edo gustetan jakuzan ekintzek eragiten deuskuena baino askoz handiagoa dana. Ondorioz, burmuinak eta beste organoek uzten deutsie ongizate hori eragiten, modu artifizialean sartzen deutseen zain dagozalako”, esan deusku Elenak. “Akabuan, mendekoek droga hartu baino ez dabe gura. Eta ezin dabenean, oso autoestimu baxua dabe, oso triste dabilz… Horrek guztiak droga barriro hartzera bultzatzen dauz”.
Elenak argi utzi deusku mendekoak ez dirala biziotsuak, gaixoak baino. “Ikerketek frogatu daben moduan, burmuinak errezeptore batzuk dauz substantzia opiazeoetarako eta cannabioideetarako. Substantzia horreek mina kentzen dabe eta lasaitasuna eragiten dabe. Ondorioz, ikusi zan jenteak ez ebala bizioagaitik kontsumitzen, baizik eta gaixotzen ziralako”. Drogen beste ondorioa buruko gaixotasunak dira. “Aldez aurretik buruko gaixotasunik ez ebenak gaixotzen zirala ikusi zan, eta psikotikoen egoera larriagotzen zala, droga hartzen baeben”. Joera genetikoa be erabakigarria da, haren arabera, buruko gaixotasuna sortuko dalako droga kontsumitzaile batzuengan, eta beste batzuengan ez.
Buruko higienea
Batez be gazteak dira babesgabeagoak drogen aurrean. “Euren burmuinak eragin handiagoa pairatzen du eta ez dira ikasketak amaitzeko gauza, ezin dira lan merkatura sartu…”. Elenaren eritxiz, ordua da gobernuak adituei eta zientzialariei entzuteko, eta drogazaletasunaren aurka benetako neurri eraginkorrak hartzeko. “Islandiak hartu dauzan neurriak, adibidez. Hamasei urtetik beherako gazteak, neguan, ezin dira gabeko 10etatik aurrera etxetik kanpo egon; eta gabeko 12etatik aurrera, udan. Eskolaz kanpoko ekintzak be badagoz, derrigorrezkoak diranak: musikea, kirola, dantzea… Gurasoek seme-alabakaz ikasi behar dabe, horreek heztea guztion ardurea dalako: irakasleena, pedagogoena eta aitena eta amena. Gazteek drogek eragiten daben gaitza ezagutu behar dabe, eta hobe dala gauza batzuk ez probatzea. Droga-trafikatzaileen atzetik sendotasun handiagaz ibili be egin beharko litzateke”.
Bestetik, larrabetzuarrak ezinbestekotzat jotzen dau umeak eta gazteak elikadurari, higieneri eta buruko osasunari lotutako ohitura osasuntsuetan heztea. “Buruko higienea funtsezkoa da. Gure buruagaz eta egiten dogunagaz pozik egoten ikasi behar dogu. Hausnarketa egin behar dogu eta gure buruari galdetu zergaitik ez gagozan pozik. Besteokaz enpatikoak izatea be bada nahitaezkoa”. Liburua ohiko liburu-dendetan ipini dabe salgai.
Profesionala
Elena Mª Rodriguez Seoane erizaina da, eta Buruko Osasunean aditua. Zamudioko Ospitale Psikiatrokoan 1983. urtetik hona egiten dau lan, eta ikastaroak emoten dauz unibertsidadeetan, administrazioetan, profesionalen elkargoetan eta zientzia sozietateetan. Psikotiko kronikoen eguneko ospitale bat kudeatu dau bost urtean, eta tutoretzapeko etxebizitzak eduki dauz bere ardurapean, hiru urtean. Hainbat artikuluren eta libururen egilea, honeetan dau interes berezia: herritarren beharrizanak eta zaintzak, buruko gaixotasunaren prebentzioa, eta giza balioak.