Oraindik hiru partida falta dira liga bukatzeko, baina bederatzi puntuko aldea dauka laugarren postuan dagoen Abantorekin. Uritarra gol gehien sartu duen taldea da, baita gutxien jaso duena ere.
“Poz-pozik gaude, zelan ez. Azken lau urteotan Lehentasunezko mailan ibili gara eta beti, lehenengo postuetan. Eta aurten, azkenean, igoera lortu egin dugu. Talde umila gara eta igoera ez zen hasiera batean gure helburu nagusia. Horregatik, hain zuzen ere, askoz pozgarriagoa da aurten lortu duguna”, esan digu Raúl López taldeko presidenteak. “Ea igoera lortzeaz gain, liga irabazteko aukera dugun”.
Raúlek iragarri du datorren urtean Beñat Etxebarria entrenatzaileak taldean jarraituko duela, baita jokalari gehienek ere. “Hurrengo denboraldia ez da erraza izango, hori jakin badakigu; beraz, lehian sartzea eta gozatzea baino ez diegu eskatuko jokalariei. Gurea bezalako taldeok agerian uzten dugu dirurik gabe, baina umiltasunez eta ilusioz, gauzak ondo egin ahal direla eta emaitza onak lortu ahal direla”.
Taldeak herriarekin ospatu nahi du igoera eta, horren haritik, maiatzaren 26an jaia egingo dute Larrabetzun. Asteburu berean Garmitxa elkartearen aldeko txapelketa antolatuko da. Zapatu goizean, Uritarrak ligako azken partida jokatuko du Trapagaranen kontra. Era berean, arratsaldean, lehenengo taldeko jokalariek zein eskolako neska-mutilek ibilbidea egingo dute herrian zehar. Eguna borobiltzeko, ekitaldia egingo dute Udaletxean. Azkenik, maiatzaren 27an, domekan, beteranoen partida triangeluar bat jokatuko dute Ezkerraldeko jokalariek osatutako talde batek, Athleticek eta Uritarrak.