Larrabetzuarrak, Emakume Master Cup txapelketatik kanpo

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 29a, 13:53

Domekan, urriaren 28an, lau eta erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren bigarren kanporaketa jokatu da Matienako pilotalekuan. Lehenengoa lau larrabetzuarrek gainditu zuten promozio mailan, baina oraingo honetan guztiak gelditu dira txapelketatik kanpo. Hurrengo hitzordua bikoteen txapelketa izango da urtarrilean.   

Libe Barrenetxeak 18-14 irabazi zion Maddi Berrokali, baina 18-9 galdu zuen Leire Galdeanoren kontra. Era berean, Maddi de Abajok, Jone Goirik eta Junkal Gonzalezek partida biak galdu zituzten: Maddik, 18-4 eta 18-12, Uxue Oses eta Olatz Beitiaren kontra; Jonek, 18-11 eta 18-15, Ane Arteaga eta Amaia Zarrabeitiaren aurka; eta Junkalek, 18-14 eta 18-16, Haizea Marijuan eta Reyes Azkoitiaren kontra.

“Nahiz eta aurrera ez egin, pozik gaude. Hasieran ez genekien txapelketan parte hartuko genuen ala ez, azken bolada honetan behar bezala entrenatzen ez gabiltzalako. Baina azkenean hartu genuen parte, eta gutxienez kanporaketa bat gainditu dugu”, esan digu Jone Goirik. “Nik partida zailak izan nituen, batez ere lehenengoa. Gainera, bigarrenean min hartu nuen eskuan eta ezin izan nuen partida bukatu. Izan ere, txapelketan erabiltzen diren pilotak guk entrenamenduetan erabiltzen ditugunak baino askoz gogorragoak dira”.

Joneren ustez, txapelketa gero eta zailagoa da. “Pilotarien maila gero eta hobea da. Ziur asko, maila bi egon beharko ziren promozio mailan, batzuetan pilotarien arteko aldea ikaragarria delako, batez ere lehenengo kanporaketetan. Bestalde, azpimarratuko nuke aurten pilotari gazte asko –eta batzuk oso onak– sartu direla lehian. Horiek erretiroa hartzera behartuko gaituzte laster (kar, kar). Albiste ona da emakumezkoen pilotarako, gazteek etorkizuna bermatzen dutelako”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).