Eguerdi aldera, 12:30ean, Iñaki Suarez sommelierrak brindisa egingo du, eta ondoren txakolina dastatzeko aukera izango dute bisitariek eta herritarrek. Era berean, Udalak pintxoak banatuko ditu doan. “Herriko elkarteekin gabiltza lanean, horrelako ekitaldiak antolatzeko. Aurten, txakolin-edalontziak 5,50 euro balioko du eta kopa bakoitzeko euro bat Garmitxa elkarteari emango diogu. Beraz, edalontzia erosten duenak elkarte horrekin egingo du bat, hiru txakolin hartuko ditu eta kopa etxera eramango du”, esan digu Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak. Iaz, 500 kopa saldu ziren.