Leire Etxaniz, txapelduna

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 16a, 16:57

Leire Etxanizek Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako Lau eta erdiko finala irabazi du pilota goxoa kategorian. Etxebarrikoak 22 eta 13 irabazi zion Patri Espinarri Barakaldon, eta bosgarren txapela lortu zuen. Etxaniz Larrabetzuko Olarreta taldeko pilotaria da.

Txapelduna hasiera-hasieratik nagusitu zen finalean. Partidaren lehenengo txanpan, markagailuak 1 eta 8 adierazten zuen, eta Espinar arriskatzen hasi zen. Aldea apur bat murriztu zuen arren, min hartu zuen eskuan eta orkatilan. Gainera, Etxaniz sendo ibili zen eta ez zion arerioari irabazteko aukerarik eman. Bestalde, kategoria mistoko finalean, Miriam Arrillagak Miren Larrarte hartu zuen mendean (22 eta 11).

Finalak ez ziren oso zirraragarriak izan, oreka handirik egon ez zelako. Hala ere, antolatzaileen esanetan, “tanto bikainekin gozatzeko aukera egon zen eta emakumeen esku-pilotak hazten jarraitzen du”. Era berean, giro bikaina egon zen eta frontoia jendez gainezka bete zen. Bestalde, antolatzaileek saria eman zioten Txokoan Larrabetzuko taldeari. “Haiek izan ziren aitzindariak: lehen elkartea sortu zuten eta emakumeen esku-pilotari bultzada handia eman zioten”, esan zuten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).