Lehiaketa antolatu dute Larrabetzun, indarkeria matxistaren kontrako horma-irudia egiteko

Aikor aldizkaria 2020ko urr. 7a, 11:42

Larrabetzuko Udaleko Berdintasuna Batzordeak lehiaketa antolatu du indarkeriaren matxistaren kontrako irudia aukeratzeko. Irudia hurrengo neurri hauek dituen horma batean ipiniko da: sei metro zabalera eta 3,30 metro altuera. Horma-irudia auzolanean egingo da azaroan, eta, horregatik, irudia aukeratzeko orduan, epaimahaiak hauek hartuko ditu kontuan: kolore lauak eta lerro errazak. Irabazleak 200 euro jasoko ditu saritzat.  

Lehiaketan Larrabetzun erroldatuek hartu ahalko dute parte, eta lanak urriaren 30era arte aurkeztu ahalko dira Anguleri kultur etxean. Gutun-azal handi batean lana eta gutun-azal txiki bat sartuko dira. Gutun-azal txikian egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa eta lanaren lema zehaztuko dira. Bi gutun-azaletako kanpoaldean, bestalde, lanaren lema eta egilearen ezizena idatziko dira. Epaimahaiak lan batek ere deialdiaren baldintzak betetzen ez dituela erabakiz gero, saria eman gabe geratu liteke.