Sinadura-bilketa Larrabetzun, unibertsitatera joateko autobus-zerbitzuaren maiztasuna areagotzeko eta udalerria 2. tarifa-gunean sartzeko

Aikor aldizkaria 2021ko urt. 5a, 09:52

Autobus-zerbitzua dela eta, larrabetzuarrek arazo nagusi bi dituzte: alde batetik, goizean autobus bakarra dute Leioako unibertsitatera joateko, 07:00etan, eta eguerdian autobus bakarra etxera itzultzeko, 14:15ak inguruan; eta bestetik, Txorierriko gainerako herriak 2. tarifa-gunean badaude ere, Larrabetzu 3. tarifa-gunean dago; ondorioz, autobus-txartel garestiagoa ordaintzen dute. Unibertsitatera joateko autobus gehiago ipintzeko eta udalerria 2. tarifa-gunean sartzeko, sinadurak batzeko kanpaina ipini dute abian change.org plataforman.

“Unibertsitatera joateko arazoa Larrabetzuko zein Lezamako eta Zamudioko gazteok dugu. Zuzeneko autobus bakarra egoteaz gain, hura oso goiz ailegatzen da unibertsitatera, 07:30ak inguruan, eta eskola-saioak 08:30ean edo 09:00etan hasten dira. Horregatik, gazte asko autoz joaten dira Leioara edo autobus bi hartzen dituzte: bata, Larrabetzutik Erandiora, eta bestea, Erandiotik unibertsitatera. Aukera batek zein besteak gastu ekonomikoa dakarte”, azaldu digute. “Bestalde, Txorierriko gainerako udalerriak eta Galdakao 2. tarifa-gunean daude; Larrabetzu, berriz, hirugarrenean. Ondorioz, gehiago ordaindu behar dugu: Larrabetzu-Lezama, 1,5 euro; Lezama-Zamudio, 1,35 euro. Larrabetzu Txorierriko udalerria da eta beste tarifa-gune batean egoteak ez du zentzurik. Gainera, Larrabetzuko ikasleek autobusa hartu behar dute Derioko institutura joateko, eta larrabetzuarrok Galdakaon ditugu anbulatorioko eta ospitaleko mediku-zerbitzuak”.

Urtarrilaren amaiera arte sinadurak batuko dituzte change.org plataforman, Larrabetzu 2. tarifa-gunean sar dadin eta Leioako unibertsitatera joateko autobus-zerbitzua areagotu dadin. “Joan den urteko otsailean, udalak Larrabetzu 2. tarifa-gunean sartzeko eskaera egin zuen, baina aldundiak ezetz erantzun zuen. Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari udalerria tarifa-gunez aldatzeko eskatzen jarraituko dugu, eta, halaber, erakutsiko dugu larrabetzuarron arazoa orokorra dela eta guztioi berdin eragiten digula”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).