Iaz, pandemia zela eta, ez zen txapelketarik egon. Aurten hiru fasetan banatu da: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala. Lehenengoetan 36 bertsolarik abestuko dute. Horietako hamar eta 2018ko zortzi finalistak (guztira, 18 bertsolari) lehian sartuko dira finalerdietako hiru saioetan. Finala zortzik jokatuko dute: finalerdietako hiru irabazleek eta puntu gehien lortzen dituzten beste bostek.
Sarrerak era bitan erosteko aukera dago: batetik, Internet bidez, www.bertsosarrerak.eus webgunean; bestetik, aretoetako txarteldegian, sarrerak aurretiaz agortzen ez badira. Txarteldegia 16:00etan zabalduko da; eta finalean, 15:00etan. Aforo murrizketak direla eta, Bertsozale Elkarteak sarrerak aurretiaz erostea gomendatu du. Antolatzaileen esanetan, aurtengo txapelketak “bertso plaza berraktibatzea” du helburu. Gainera, “betiko helburuak izaten jarraitzen du: bertsogintzaren oinarria finkatu eta garatzea, hau da, Bizkaiko bertsolaritza azaleratzea, Bertsozale Elkartearen lana jendarteratzea...”.
Informazioa:
www.bertsozale.eus/bizkaikotxapelketa
Gizarte sareak: Facebook, Twitter eta Instagram
bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus