Ordenantza fiskal batzuk eguneratuko ditu Larrabetzuk 2022rako

Aikor aldizkaria 2021ko aza. 2a, 10:30

Larrabetzuko Udalak jakinarazi duenez, udal-gobernuak erabaki du 2022ko zenbait ordenantza fiskal gaurkotzea, “gastuei eta zerbitzu publikoei eutsi ahal izateko beharrezkoak diren diru-sarrerak lortzeko”. Hortaz, aldaketak eta berritasunak egongo dira. Esaterako, zabor-bilketaren tasa 29,86 eurokoa izango da etxebizitzetarako hiruhilekoan, baina gutxieneko soldata baino diru-sarrera txikiagoa duten pentsiodunek % 50eko hobaria edukiko dute.  

Bestalde, % 1eko igoera egongo da hurrengo zerga hauek arautzen dituzten ordenantzetan: uri-lurren balioa gehitzearen gaineko zerga, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Ekonomia Jardueren gaineko Zerga (EJZ) eta  trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga. Azkenik, bere horretan utziko dituzte hurrengo zerga hauek: eraikuntza, instalazio eta lanei lotutakoa; ibilgailuak ibilgetzeari, bidetik kentzeari eta zaintzeari lotutakoa; eta zerbitzu publikoak eskaintzeari eta jarduerak egiteari dagokienak, hala nola udalekuak, ikastaroak eta kiroldegia.