Elkarteak urte hauetan guztietan egindako ekarpena azpimarratu nahi izan du. “Izan ere, nabarmentzekoa da bertsolaritza zelan ulertu eta transmititu duten, jardun kolektibo moduan. Eta hori hain ondo ulertuta, taldeari egin dioten ekarpena ere azpimarragarria da: elkarteko zuzendaritzari eta, bereziki, Txapelketako Talde Antolatzaileari. Biek batera txapela jaztearekin taldean egiten denak duen balioa azpimarratu eta sinbolizatu gura izan du elkarteak eta hori biek erakutsi digute”.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bien ibilbide pertsonala ere goraipatu du, euren inguruan zein Bizkaia osora begira egin duten lana. Horrela, eskualdean egindako eragiletza beharraz gainera, Etxebarriak 2000. urtetik hona darama Bizkaiko Txapelketaren Talde Antolatzailean lanean eta zuzendaritza-batzordean ere urteetan ibilia da. Enbeita, bestalde, bertsolaria izan zen eta 2000. urtean hasi zen epaile-lanean Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Horrezkero, zuzendaritza-batzordean eta talde antolatzailean aritu da.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 18an izango da Miribillan. Bertan arituko dira bertsolari hauek: Etxahun Lekue larrabetzuarra, Gorka Pagonabarraga, Nerea Ibarzabal, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Aitor Etxebarriazarraga eta Onintza Enbeita. Finala 17:00etan izango da Bilbao Arena aretoan eta sarrerak txarteldegian bertan erosi ahalko dira 12:30etik aurrera, edo www.bertsosarrerak.eus webgunean.