Jokin Altuna pilotaria Larrabetzuko umeekin solasaldian ibili zen atzo

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 3a, 13:27

Olarreta taldeko pilotari gazteek bisita xelebrea hartu zuten atzo, Larrabetzuko Frontoian. Jokin Altuna pilotari handiak entrenamendua egin zuen umeekin eta ostean, eurekin hitz egiteko aukera izan zuen. Gazteek galderak egin zizkioten eta txapeldunak ahal izan zuen moduan eman zien erantzuna. 

Iker Amarika herriko pilotari ohiak eta esatariak ekitaldian hartu zuen parte. Amarikak aurkezpena egiteaz gainera, pilotariaren eta umeen arteko bitartekari ibili zen. Solasaldian, Altunak hainbat gauza aipatu zituen: hastapenak, Amezketa bere jaioterria, bertako pilota elkartea... “Amezketako pilota elkartearen presidentea naiz eta astean behin hango gazteekin nabil entremenduetan. Umeak gustatzen zaizkit eta horregatik ikasi dut Magisteritza, nahiz eta oraindik ez bukatu”, esan zuen. 

Gainera, bere kirol-ibilbidearen berri ere eman zien gazteei: nortzuk izan diren kiderik onenak (“Barriola, Rezusta eta Martija”), nortzuk areriorik okerrenak (“Olaizola, Bengoetxea...”)... “Txikitan ez nuen profesionala izatea espero, gutxienez, 16 urte bete arte. Oso zail ikusten nuen helburu hori lortzea. Gaur egun profesionala naiz eta poz-pozik nabil”. 

Altuna (Amezketa, 1996) Aspe enpresako pilotaria da, bere familiaren hirugarrena, hain zuzen ere. Imanol eta Garikoitz osabak ere izan ziren profesionalak. Gipuzkoarra pilotaririk onenetarikoa izan da azken urteotan. Izan ere, bi aldiz irabazi ditu Banakako Eskupilota Txapelketa (2018an eta 2021ean); eta hiru aldiz, Lau t´erdikoa (2017an, 2020an eta 2021ean). Gainera, hainbat aldiz txapeldunordea ere izan da: 2020an, banaka; eta 2016an, 2018an eta 2019an, Lau t´erdikoan.    

Erlazionatuak

Altuna eta Larrabetzuko umeak, irudietan

a: Olarreta Pilota Elkartea 2022 ots 03 Larrabetzu