Garraioa Irauli plataforma eta udala aspalditik dabiltza Larrabetzu 2. tarifa-gunera aldatzeko eskatzen. Izan ere, Txorierriko udalerria den arren, Bizkaibuseko zerbitzuari dagokionez, Larrabetzu 3. tarifa-gunean dago, baina Txorierriko gainerako herriak eta Galdakao, berriz, 2. tarifa-gunean; beraz, larrabetzuarrek % 22-26 garestiago ordaintzen dute autobus-txartela. Azken hilabeteetan, Garraioa Irauli plataformak hainbat ekimen egin ditu garraio publiko duina eskatzeko, hala nola sinadurak batzea eta autobusak gelditzea . Ugalderekin izandako bileraren berri eman die udalak herritarrei eta plataformako kideei, eta erabaki dute “ekainera arte itxarotea, mobilizazio gehiago egin barik, baina erne egonda eta Aldundiari gogoratuz aldarrikapenak bere horretan jarraitzen duela”.