Larrabetzuko bertsolariaren esanetan, ilusioz prestatu zuen azken Bizkaiko Bertsolari Txapelketa; hala ere, aurreko edizioekin alderatuta, nagi apur batekin ere ibili zen. “Txapelketa amaituta, sano gustura gelditu nintzen egindako beharrarekin. Hala ere, finalean bota nuen azken txapelketa izango zela, eta jendea zalantzan ibili zen ea bakarrik Bizkaikoari buruz ari nintzen ala ez nintzen Euskal Herriko Txapelketara ere joango. Ni ere zalantzan ibili nintzen, baina astez aste joan nintzen erabakia ezezkorantz bideratuz”.
Konbentzimendu osoz hartutako erabakia dela esan digu. “Ziurrenik, Txapelketa hasi, eta saioetara joaten naizenean, inbidia apur bat sentituko dut, baina ez naiz hartutako erabakiarekin damutzen. Momentua dela pentsatzen dut, eta erabaki ona izan dela. Gure sasoiko bertsolariok oso gazte ginela hasi genuen txapelketen ibilbidea: ni 11-12 urterekin hasi nintzen eskolarteko txapelketetan, eta 18-19 urterekin nagusien txapelketetan, eta orotara 12 Bizkaiko Txapelketa egin ditut, eta lau Euskal Herriko txapelketa. Nahiko ibilbide oparoa izan dut eta gustura nago egindako ibilbidearekin. Bestalde, asko disfrutatu dut txapelketekin: prestakuntzarekin zein haien inguruan sortzen den zurrunbilo horrekin. Hortaz, inbidia apur bat sentituko dut hemendik aurrera, baina poza ere bai”.
Lekuek Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2016an eta hainbat aldiz izan da haren zein Txapelketa Nagusiaren finalean.