Frankoren diktaduraren eta Vatikanoaren arteko konkordatua zela eta, munduko apaizentzako kartzela bakarra sortu zen Zamoran, frankismoaren aurka altxatu ziren abadeak zigortzeko. 1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz –gehienak Euskal Herrikoak– han espetxeratu zituzten Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakustegatik eta sermoietan hura salatzeagatik. Abadeek 12 urteko kartzela-zigorra jaso zuten.
Dokumentalak gogora ekarri ditu, besteak beste, garai latz hartan gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abadeen bizipenak, jasotako torturak, kartzelan 1973an egin zuten mutina eta, handik ateratzen saiatzeko, egin zuten tunela. “Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz-kartzelaren historia, eta, askotan esan diguten moduan, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe ere baitago”, azaldu dute egileek. “Hamarkada batzuk beranduago, diktadorea aspaldi hil zen arren, gure protagonistek eutsi egiten diote memoriari, gertatutako guztia ahanzturan eror ez dadin”.