Espezie Inbasoreei buruzko Astearen baitan, Larrabetzun Panpa-lezkarik Ez elkartearen kideek landare hori kenduko dute Utxabaso inguruan bihar, maiatzak 28. Helburua da Ubiritxaga baserri zaharraren inguruan udala, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, sustatzen dabilen baso-proiektua –Utxabaso– babestea. Gainera, ekintza baliatuko dute espezie inbasoreek sortzen dituzten arazoak azaltzeko eta horiek nola desagerrarazi erakusteko. Hara joateko hitzordua 11:00etan ipini dute Sasine industrialdeko gasolindegiaren ondoko aparkalekuan. Materiala elkartearen kontura izango da.