Akarbaltz Gaua Larrabetzun

a. iazko argazkia; Idoia Andres 2022ko urriaren 25a

Akarbaltz Gauaren atarian daudela, bihar, urriak 26, heriotza izango dute hizpide Larrabetzuko Anguleri kultur etxean. Alde batetik, Oskar Gazteluk idatzitako Heriotzari aurrez aurre begira saiakera aurkeztuko da; eta bestetik, “Bizitzari eta heriotzari begirada berri bat” solasaldia izango da, Iñaki Arregi Almaur elkarteko kidearen eskutik. Bestalde, Akarbaltz Gaua astelehenean, urriak 31, ospatuko dute.

Plazan 17:00etatik aurrera batuko dira, kalabazak hustu, danborrak prestatu, aurpegia margotu eta kalea apaintzeko. Ondoren, “ziri edo sari” jolasa egingo dute, eta 20:00etan kalejiran irtengo dira Errebaletik. Gaua biribiltzeko, 21:30ean erromeria izango da Hori Bai gaztetxean, Joxpa taldeak girotua. Kurturbilguneak eta Larrabetzuko Udalak antolatu dituzte ekintzak.