Barrako dirua lapurtu dute Hori Bai gaztetxean

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 25a, 14:16

Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez, bart lapurrak gaztetxera sartu dira eta bertan zuten dirua ostu dute. “Gaur goizean asanbladako kide bat bertatik pasatu da, eta atea zabalik zegoela konturatu. Begiratzera hurbildu da eta ateko zerraila txikituta zegoela ikusi du; barra zegoen diru guztia eraman dute”.

Hori Baiko kideek azaldu moduan, ez da lehen aldia gaztetxean lapurtzen dutena. Bestalde, “zoritxarrez, inguruko gaztetxeetan gertatzen ari diren eraso-olatuen beste adibide bat baino ez da gaur gertatutakoa. Izan ere, azken hilabetean hainbat gaztetxeri eraso diete, eta gogor salatu nahi ditugu gune autogestionatuen kontra gertatzen ari diren eraso horiek guztiak”. Ohar-baten zabaldu duten moduan, “Hori Bai gazte-asanbladak egunero borondatez lan egiten du gune askotarikoa eta askea sortzeko. Hori ez litzateke posible izango herritarren parte-hartze eta inplikaziorik gabe; hortaz, lapurreta hau proiektu kolektibo baten aurkako erasoa da. Beraz, gogor salatzen ditugu azkenaldian Euskal Herriko hainbat gaztetxeek pairatu dituzten erasoak”.