Onlineko erosketak jasotzeko postontziak jarri dira Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 8a, 13:38

Larrabetzun postontziak jarri dira Errebale Jauregiaren kanpoaldean, udaletxearen alboan, herritarrek onlineko erosketak bertan jasotzeko. Edozein larrabetzuarrek izango du postontzi adimentsuak erabiltzeko aukera. Horiei esker, garraiolariek garaiz eta behar bezala entregatuko dituzte paketeak, atzera eta aurrera ibili behar barik. Udalak esan du horrek CO2 isuriak murriztuko dituela.

Postontziak erabili ahal izateko, herritarrek JomaBox aplikazioa deskargatu behar dute eta bertan izena eman. Ondoren, postontzia gehitu behar da aplikazioaren “Puntos Públicos” botoian sakatuta. Aplikazioak sarrailen QR kodeetako bat eskaneatzea eskatuko du. Horrela, aplikazioak erabiltzailea eta postontzia ezagutuko ditu. Harrezkero, paketeak jaso ahal izango dira. Horretarako, aukera bi daude: batetik, zuzenean entregatzea, hau da, banatzaileak paketea ekarri ondoren, jakinarazpen bat helduko zaio erabiltzaileari telefonora; bestetik, kode bat sortzea, garraiolariak deituko dio herritarrari paketea leku publikoan uzteko.

Bigarren aukera hautatuz gero, urrats hauek egin behar dira: bat, aukeratu leku publikoa, bertan paketea uzteko; bi, aukeratu buzoiaren neurria, eta garraiolariari eman aplikazioak emandako kodea eta postontziaren zenbakia; eta hiru, banatzaileak paketea banatu ondoren, “el paquete ha sido entregado” aukeran sakatu eta eskaera jasoko da.

Azkenik, paketea jasotzeko, aplikazioan sartu behar da. Postontziaren aurrean, “recoger” aukeran sakatu eta dagokion postontzira hurbildu telefonoa. Bluetooth-aren bidez, eskaerari esleitutako buzoia irekiko da. Paketea jasotakoan, atea behar bezala itxi behar da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).