Julen García futbolari larrabetzuarra Cadizeko bigarren taldean dabil denboraldiaurrea egiten

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 21a, 11:57

Julen García futbolariak aurrerapausoa egin du bere ibilbidean eta Cadiz aldera joan da, bertako klubaren bigarren taldearekin denboraldiaurrea egitera. “Iaz, jokalarien ordezkari batek Julen ikusi zuen jokatzen, eta, harrezkero, bere atzetik ibili da. Duela hiru hilabete deitu zigun Cadizen bigarren taldean denboraldiaurrea egiteko; eta hara joan ginen”, azaldu digu Iban Garcíak, Julenen aitak. Gazte larrabetzuarrak erronkari egin dio aurre eta aste bi daramatza bertan.

 

Julen Garcia larrabetzuarak 22 urte ditu eta iaz Uritarra herriko taldean ibili zen jokatzen Ohorezko Mailan; Cadiz, aldiz, 2. RFEF kategorian dabil, bi maila gorago. “Aldaketa itzela da. Julenek esan dit fisikoki eta teknikoki ondo ikusten duela bere burua, baina erritmoak ez duela zerikusirik, Cadizen askoz azkarrago jokatzen dutelako”, esan digu aitak. Julen beste jokalari birekin bizi da Andaluzian: Argentinako lagun batekin eta Maliko beste batekin. “Oso jokalari onak daude, eta astero baten bat kanporatzen dute. Julenek, ordea, hor jarraitzen du”.

Familiak jakin badaki zaila izango dela Cadizek Julen fitxatzea, baina esperientzia nabarmendu dute. “Bertan bizi dabilena itzela da. Auskalo etorkizunean zer gertatuko den. Mutila ilusionatuta dabil, baina iparra galdu barik. Ondo ateratzen bada, pozik, bertan geldituko delako; baina azkenean beste talde batera joaten bada, problemarik ez. Iaz, Faroe uharteetara eta Estatu Batuetara joateko aukera izan zuen eta aurten kanpora ere joan daiteke; edo itzuli Euskal Herrira. Oraindik ez dakigu”.

Dena dela, Iban Garciak azpimarratu du klubaren jokaera. “Julenek hara joan behar izan zuenean, familia ere hara abiatu ginen, bertan pare bat egun ematera. Brigadas Amarillas zaleen taldeak ekitaldi batzuk egin zituen eta oso ondo pasatu genuen. Halaber, klubaren ordezkariek oso jarrera gertua eta atsegina adierazi digute. Julenek pare bat aste daramatza bertan eta kirol-zuzendariak bospasei aldiz deitu dit, gaztearen berri emateko. Cadizeko zale egin gara, primeran tratatu gaituztelako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).