Astialdiko begirale-ikastaroa Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 25a, 12:08

Urtxintxa eskolarekin batera, Larrabetzuko Udalak astialdiko begiralea izateko ikastaroa antolatu du. Ikastaroan 18 urtetik gorako gazteek har dezakete parte, eta ezinbestekoa da euskara-maila ona izatea. Izena emateko azken eguna azaroaren 10a izango da, eta informazio gehiago eskuratzeko jo daiteke 944 320 445 telefono-zenbakira, eskola@urtxintxaeskola.eus helbide elektronikora eta www.urtxintxaeskola.eus webgunera.

Ikastaroa 2023ko azarotik 2024ko maiatzera izango da, eta 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko izango ditu. Hamabi asteburutan, 16 gai ezberdin jorratuko dira: udalekuak eta kanpamenduak, lehen sorospenak, talde-dinamikak, parte-hartzea… Era berean, hiru egonaldi izango dira: bi aterpetxean eta bat kanpaldian.

Ikastaroak 450 euro balio ditu eta Larrabetzuko Udalak herrian erroldatutako ikasleei diruz lagunduko die, ikastaroa gainditzen dutenei matrikula erdia itzuliko zaie eta.