Mozioan jaso dutenez, “Espainiako Auzitegi Konstituzionalak uztailean Udal Legeari buruz emandako epaiaren ostean, Dekretuaren aurka egin du Auzitegi Nagusiak. Epai horiek euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen dute, askotan Udal Legeak arautzen ez dituenak ere aurreikusiz, modu prebentiboan”. Gogora ekarri duten moduan, “Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalarekin onartu zuen epaitegiek baliogabetu nahi duten Udal Legea, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak ere argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hauek euskararen biziberritzearen aurkakoak ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoak ere badira. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen dute auzitan”.
Larrabetzuko Udalak “kezkaz eta larritasunez” hartu du “euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako epaia”, eta aipatu du testuingurua ere kontuan hartu behar dela. “Azkenaldian gisa bereko epai batzuk iritsi dira, eta guztietan berbera izan da norabidea. Epai hauek traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat. Era berean, esan dute EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak bete-betean eragiten diela UEMAk eta bertako kide diren udalek urte askoan jorratutako lan-ildoei. “Hizkuntza-plangintzari eta kontratazioari, adibidez. Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakar. Hori jarri baitu ezbaian auzitegiak: euskararen normalizazioa. Euskara lehenestearren aurka egin du, gaztelania baztertzea delakoan. Ez da halakorik: minorizatutako hizkuntza aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko”.
Euren hitzetan, sententziek bereziki eragiten diete udalerri euskaldunei. “Horietan ari baitira hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien. Hori oztopo bikoitza da euskararen indarberritze-prozesuarentzat: batetik, galga jartzen diete euskara normalizatzeko neurri aurreratuenei, eta normalizazio-prozesuak badauka horren premia; bestetik, euskarak indar handiena duen lurralde-eremuei eragiten diete, eta gune horien premia gorria du euskarak. Udalerri euskaldunek ezinbestekoa dute lege-babesa”.
Azken hamarkadetan, udalerri euskaldunetan euskarak hainbat arlotan aurrera egin arren, oraindik zertan eragin badela aipatu dute. “Udalean bertan ere urrats handiak egin ditu euskarak, eta gaur egun, zerbitzu-hizkuntza ez ezik, lan-hizkuntza nagusia ere bada euskara. Horretan jarraitzeko asmo sendoa du udalak, eta aurrerantzean ere martxan jarriko ditu bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskara da gure udalerriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka Udalak. Justiziazkoa da”. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute lege-orube sendoa izatea. “Udalak dei hau egin nahi die lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakunde guztiei: nork ere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoarekin hornitzeko”.
Azkenik, bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon antolatutako manifestazioarekin. “Epai honek beste arrazoi bat jarri du kalera ateratzeko: euskararen aurkako oldarraldia eten egin behar da. Horregatik, UEMAko kide den heinean, euskararekin bat egiteko eta Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia egiten die udalak herritarrei”.