Bestalde, Larrabetzuko Udalak adierazpen instituzionala onartu du Azaroak 25 dela eta. “Sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa duela azpimarratu eta arreta jarri nahi dugu, indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu”.
Adierazi moduan, sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. “Adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan. Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute”.
Horren ondorioz, “harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere”.
Horren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituztela adierazi dute, “emakumeek eta neskek bizitza garapen osoa izan dezaten, askatasun- eta segurtasun-baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita”.
Hortaz, udalerrian berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko, konpromiso hauek hartu ditu Larrabetzuko Udalak:
- Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia eratzea/hobetzea/indartzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz.
- Sentsibilizazio-programak diseinatzea/garatzea/hobetzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, IGEen bitartez, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
- Hezkuntza ez-formaleko espazioetatik hezkuntza-prozesuak garatzen laguntzea, adingabeen indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.
Eta konpromiso horietan oinarrituta, hurrengo ekintza hauek proposatu ditu:
- Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak bultzatzea; sexualitatea, bikote-harremanak, maitasun erromantikoa, autodefentsa feminista… landuz.
- Mutiko eta mutilei zuzendutako esku-hartzeak abian jartzea, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak edo rol sexistak eta parekidetasuna gainditzeko estrategiak lantzeko.
- Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea.
Azkenik, herritarrei gogorarazi die indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabideen sarea dagoela; besteak beste, SATEVI (900 840 111) emakumeentzat, eta ZEUK ESAN (116 111) haurrentzat eta nerabeentzat. Era berean, deia egin diete herritarrei talde feministek antolatutako ekintzetan parte hartu dezaten.