Larrabetzuko ganaduzaleek salatu dutenez, aste honetan solte zebiltzan txakurrek hiru ahuntz hil dituzte Basaguren inguruan. Adierazi duten moduan, ez da lehenengo aldia gertatzen dena: “Ahuntzak, artxoak, ardiak… jostailu legez erabiltzen dituzte, eta kalteak guretzat dira”. Era berean, babes barik daudela esan dute. “Aspalditik gabiltza udalarekin lan honen inguruan hitz egiten. Arautegia egon badago, baina ez da betetzen”. Bestalde, animalien balioari beste galera batzuk ere gehitu behar zaizkiola aipatu dute: “Esaterako, antxumea umezurtz gelditzen da, eta horrek ere ondorioak dakarzkigu; animalien gorpua kendu behar da; animalia berriak ohitzeko lanak…”.