Antolatzaileek azaldu duten moduan, 1931eko apirilaren 14an monarkia abolitzeak eta II. Errepublika ezartzeak hainbat askatasun ekarri zizkien emakumeei, hala nola boto-eskubidea, Dibortzioaren Legea edo lehen gizonentzat baino ez ziren lanbide eta kargu publikoetarako sarbidea. “Emakumeen emantzipazio-prozesu hori gogor eragotzi zuen Errepublikaren aurkako matxinada militarrak. Izan ere, Gerra Zibilaren garaileek Errepublikaren garaian lortutako aurrerapenak baliogabetu zituzten, eta diktadura frankistak berriro ama eta emazte sakrifikatuaren rola beretzera behartu zituen emakumeak. Erakusketa honetako argazkien bidez, emakumeak protagonista nagusi izan ziren garai historiko horretako memoriaren alderdi hori bisualki berreraikitzen saiatu gara, modu zatikatuan bada ere”. Argazkietako asko dira argitaratu gabeak edo ez oso ezagunak, eta antolatzaileen esanetan, ahalegindu dira jatorrizko formatua eta ezaugarriak errespetatzen; hala ere, “batzuetan nahitaezkoa izan da argazkiak enkoadratzea, dagokien panelaren maketan hobeto kokatzeko”.
Irudien jatorria, bestalde, era askotakoa da: “garai hartako egunkariak eta aldizkako argitalpenak, Kutxateka, Espainiako Liburutegi Nazionala, Frantziako Liburutegi Nazionala, PARES, Memoria Historikoaren Zentro Dokumentala, Euskadiko Artxibo Historikoa, Bizkaiko Foru Liburutegiko hemeroteka eta erakusketaren gaiari buruzko iturri bibliografiko espezifikoak”.