Antolatzaileek azaldu duten moduan, 1931eko apirilaren 14an monarkia abolitzeak eta II. Errepublika ezartzeak hainbat askatasun ekarri zizkien emakumeei, hala nola boto-eskubidea, Dibortzioaren Legea edo lehen gizonentzat baino ez ziren lanbide eta kargu publikoetarako sarbidea. “Emakumeen emantzipazio-prozesu hori gogor eragotzi zuen Errepublikaren aurkako matxinada militarrak. Izan ere, Gerra Zibilaren garaileek Errepublikaren garaian lortutako aurrerapenak baliogabetu zituzten, eta diktadura frankistak berriro ama eta emazte sakrifikatuaren rola beretzera behartu zituen emakumeak. Erakusketa honetako argazkien bidez, emakumeak protagonista nagusi izan ziren garai historiko horretako memoriaren alderdi hori bisualki berreraikitzen saiatu gara, modu zatikatuan bada ere”.