Elkartasun-jaialdia antolatu du Ernaik barikurako Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2024ko aza. 20a, 14:56

Ernaik elkartasun-jaialdia antolatu du barikurako, azaroak 22, “Eusko Jaurlaritzak ezarritako 290.500 euroko isunari aurre egiteko eta jazarpen politikoa salatzeko”, adierazi dute. Jaialdia Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean izango da eta 20:30ean hasiko da. Lehenengo eta behin, asanblada informatiboa egongo da, eta zehaztuko dituzte prozesu judizialaren nondik norakoak eta herritarrek nola lagundu dezaketen. Ondoren, 22:00etan, kontzertuak izango dira: Mikosis, Aramu eta Dj Bizkargi.

Bestalde, egunean zehar hainbat material izango da Aretxabala tabernaren aurrean salgai, eta kutxa bat ere ipiniko da dohaintzak jasotzeko. Ernaik azaldu duenez, apirilean jasotako isun bakoitzeko helegite bat aurkeztu dituzte; guztira, 133 helegite. “Eusko Jaurlaritzaren arbitrariotasuna eta gehiegizko jokaera salatzeko, eta gizarte-mugimenduaren aurka darabilen jazarpen-estrategiaren aurrean kontsentsu zabalak eraikitzeko eta bide hura amaitzeko”. Prozesu judiziala azaroaren 28an hasiko da, lehen epaiketa egingo da eta.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).