Errefuxiatu sahararren aldeko ekimenak egin ditu Txinpasmendi gurasoen elkarteak

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 18a, 14:08

Txinpasmendi Larrebetzuko gurasoen elkarteak jakinarazi duenez, bigarren aldiz ipini dute martxan “Martina eta Patakon” proiektua. Helburua da ikasleen artean solidaritatea lantzea, eta lehenengo edizioan Aita Mari itsasontzia izan zuten hizpide. Bigarren edizioan, berriz, Samuel Ruiz Darahli elkartearen burua eta beste bi kide hurbildu dira eskolara, ikasleei udaro herriko kaleetan ikusten dituzten ume sahararren errealitatea azaltzeko.  

Elkartearen esanetan, ikasleen erantzuna oso positiboa izan zen, eta gainera, ezagutzen dituzten ume sahararrei bideodeia egiteko aukera izan zuten. Era berean, kontzertu solidarioa antolatu zuten, eta horretan ibili ziren hurrengo musikari hauek: Patxi feat Agus, Mis Baker eta Angus Feriakumea. 
Bestalde, nagusientzako ekintzak ere egin dituzte. Horrela, Fatma Galiak zuzendutako Insumisas, mujeres en lucha en el Sahara occidental dokumentala eman zen, eta horren ostean hitzaldia ere egin zen. Halaber, Kristina Berasainen Sahara, herri bat erresistentzian liburua hizpide izan zuten Literaturaz Berbetan ekimenaren baitan, eta egilearekin solasaldian ibiltzeko aukera ere izan zuten.
Azkenik, lasterketa solidarioa egin zuten eskolako jaiaren ekitaldien artean. Ekintzetan egindako dohaintzei esker 1.300 euro batu dituzte, eta Darahli elkarteari eman dizkiote.