60. urteurrena ospatuko du aurten Hori Baik

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 7a, 14:15

Aurten 60 urte bete dira Hori Bai Larrabetzuko gaztetxea sortu zela. Haren kideek eta kide izandakoek agerraldia egin zuten domekan, urtarrilak 5, urteurrena hasteko eta prestatzen dabiltzan egitarauaren berri emateko. “60 urte lotu barik” lelopean, egitarau-sorta zabala antolatzen dabiltza 2025erako. Azaldu moduan, ohiko ekintzak dira batzuk, baina beste batzuk beren-beregi prestatuko dituzte urteurrena ospatzeko, hala nola Hori Bairi buruzko erakusketa, Hori Blaituz asteburua, Hori Bai Eguna eta Larrabetzuko Gazte Eguna.

Euskal Herriko gaztetxerik zaharrena da Hori Bai. “1965ean sortu zen Hori Bai, frankismoak estu hartutako garai latzetan. Egoera itolarri hartan, larrabetzuarrek zirrikitu bat zulatu, eta Hori Bai elkartea sortu zuten, euskara eta euskal kulturaren transmisiorako babesgune eta herritarrak antolatzeko ezinbesteko teilatupe. Ordutik herriaren ezinbesteko zutabe bihurtu da Hori Bai, lurrikara guztien epizentro, ohitura zaharren transmisiorako txoko eta ohitura berrien sorleku”, esan zuten agerraldian.

Urteurrena dela-eta aukeratutako leloak adierazten duenez, 60 urte lotu barik eman dituzte Hori Baiko kideek. Antolatzen, pentsatzen, luze berba egiten, entzuten… “Kale ertzetik herriari tiraka, eta oraindik ere zutunik eta bizirik diraugu”. Ibilbide luze honetan, belaunaldiz belaunaldi, formaz aldatuz joan da gaztetxea. “Antolatzeko modu berriak ekarri dituzte garaian garaiko gazteek, eta belaunaldi guztiek utzi dute beren arrastoa gaztetxean. Moldaketek, baina, ez dute gure jardunaren muina aldatu: oraindik ere larrabetzuarrontzako eskola da Hori Bai, beste mundu bat posible dela sinesteko lekua, beste logika batzuen baitan gauzak egiteko aukera dagoela erakusten duen gaztetxea”.

Hala ere, aipatu zuten gaztetxearen ibilbidean dena ez dela polita eta samurra izan. “Ezin ditugu Elizaren eta EAJren eraiste- eta etxegabetze-mehatxuak gogora ekarri gabe utzi, ezta herriak erakutsitako kemena, elkartasuna eta antolakuntza ere: irmo defendatu zenuten gaztetxea, eta horri esker dago gaur egun bizirik Hori Bai”. Horregatik uste dute ospatzeko momentua ez ezik Hori Bai bezalako espazioen beharra aldarrikatzeko momentua ere badela. “Azken aldian gaztetxeak jasaten dabiltzan jazarpenaren eta erasoen aurrean, logika kapitalistatik kanpo antolatzen diren espazioen beharra aldarrikatu nahi dugu. Mundu grisago eta ilunago honetan argi-izpia direlako, gora gaztetxe eta gazte asanbladak!”.  

Azaldu moduan, hainbat belaunalditako gazteak elkartzeko lekua da Hori Bai. “Kolektiboan pentsatzen ikasteko tokia, autogestioaren kulturan hezteko espazioa, antolakuntza politikorako eskola, musika-taldeentzako plaza, herrirako aisialdi-eredu alternatiboa… Baina batez ere Larrabetzuko gazteontzako eta ez hain gazteentzako bigarren etxea da. Etorkizunera begiratzeko eta hura imajinatzeko beharrezko zaigun aterpea. Hirurogei urte denbora asko da, eta, era berean, hasiera baino ez”.   

Hori Baiko kideek gogoz eta ilusioz hasi dute “aldarrikatzeko, ospatzeko eta birformulatzeko” izango den urtea. Gainera, adierazi dute gaur egungo asanblada berria eta indartsuagoa dela eta kezka, ikuspuntu eta parte hartzeko modu berriak dakartzala. Horren erakuslea da 2025erako antolatzen dabiltzan egitaraua. Ekintzetan zein asanbladan parte hartzeko gonbitea egin diete gazteei zein ez hain gazteei.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).