Irailaren 3an ospatuko da La Vueltaren 11. etapa Bizkaian, ‘Bilbao-Bilbao’ izeneko tarte hori Txorierritik igaroko da, eta Jesus Loroño txirrindulari ospetsua omenduko du, bere jaiotegunaren 100. urteurrena bete baitzen joan den urtarrilan. Hain zuzen ere, bere etxea izan zenaren aurretik igaroko da, Larrabetzuko Goikola baserriaren aurretik.
Jesus Loroñok 1957an irabazi zuen La Vuelta. Lasterketa hura Bilbo eta Gasteiz lotzen zituen etapa batekin hasi zen, eta Donostia eta Bilbo arteko 193 km-ko beste etapa batekin amaitu zen. Bere kirol-ibilbidean, Loroñok 65 garaipen lortu zituen profesional aritu zen hamasei denboraldietan.
“Loroño familia osoa, seme-alaba eta bilobak, oso pozik eta eskertuta gaude gure aitari omenaldia egingo diotelako bere jaiotegunaren mendeurrenean. Gure aita La Vueltako historiaren protagonista handienetako bat izan zen eta, urteek aurrera egin arren, haren lorpenak oraindik ere gogoan ditugu”, esan du hunkituta txirrindulariaren seme Josu Loroñok familiaren izenean.
Etaparen ibilbidea
‘Bilbao-Bilbao’ etapa San Mames estadioaren ingurunetik abiatuko da 13:30ean. Lasterketa Bilbotik irtengo da, Euskalduna zubitik, Loiuraino, bertan kokatuko baita etaparen hasiera (13:51h), eta Mungiara joko du gero. 14:32ak aldera, txirrindulariak Bermeora iritsiko dira, aldez aurretik Sollube, 301 metroko desnibela duen hirugarren kategoriako mendatea igo ostean. Etapari Sollube gaineko igoera gehitu diote Jesus Loroñoren aldeko omenaldiaren parte izan dadin; izan ere, mendi horren gailurrean dago kokatuta txirrindulari ospetsuaren oroimenezko monumentua. Lasterketa Larrabetzuko Goikola baserriaren aurretik igaroko da 15:52ak aldera.
Sollubez gain, mendate hauek zeharkatuko ditu etapak: Laukiz (183 metroko desnibela), Bizkaiko begiratokia (235 metroko desnibela), Morga (290 metroko desnibela), Elorritxueta (351 metroko desnibela duena eta bi aldiz igo beharko dutena) eta Pike Bidea (204 metroko desnibela).
Guztira 157,4 kilometro izango du hamaikagarren etapak. Ibilbide horretan Bizkaiko lurraldeko leku hauek zeharkatuko ditu: Arratzu, Basauri, Bilbao, Bermeo, Busturia, Derio, Erandio, Etxebarri, Forua, Galdakao, Gatika, Gernika-Lumo, Larrabetzu, Laukiz, Lezama, Loiu, Mendata, Meñaka, Morga, Mundaka, Mungia, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Sondika, Sukarrieta eta Zamudio. Ibilbide honetan errepikatu egingo da 2023ko Frantziako Tourraren Gran Départ irteerako lehenengo etapa, hain zuen ere Bilbon hasi zena.
Txirrindulariak Bizkaiko hiriburura iritsiko dira 17:20-17:41 inguruan: Euskalduna zubitik sartuko dira eta helmuga Kale Nagusian izango dute zain (Gregorio de la Revilla kalearen parean). Txirrindulariak hirira sartuko diren bigarren aldia izango da hori, izan ere, 16:29an helmugatik lehen aldiz igaroko direla espero da.