“Pertsona bizia naiz eta kaktusekin aurkitu dut lasaitasuna”

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 29a, 11:33

Erlantz Garcia Fernandez, Kaktusero · Kaktuszalea
Lehen orduan dugu hitzordua, eguerdian beroa jasanezina omen delako negutegian. Gainera, aquagymeko klasea du beranduago Erlantzek (1990, Larrabetzu) igerilekuan. Kirol teknikaria da Larrabetzuko kirol-instalazioetan. Baina egunero negutegira doa lasaitasun bila. Kaktusero bezala aurki dezakezu sarean.

Ur gutxi eta arantza asko. Zergatik kaktusak?
Afizioa familiatik datorkit. Nire amamak Burgoseko herri batean du etxea eta beti gustatu zaizkio landareak izatea. Baina neguan inor ez zen etxean eta hil egiten zitzaizkion. Horregatik hasi zen kaktusak landa- tzen, negua ondo bizirauten zutelako. Umea nintzenean bertan ikusten nituen amomaren kaktusak. Beranduago Galizan bizi den izeko bat hasi zen landare hauen bilduma egiten. Duela hamar bat urte bere etxetik ekarri nituen Larrabetzura ale batzuk. Baina nire orduko etxea ez zen oso argitsua eta hil egin ziren. Urte batzuetara berriro ekarri nituen izekoren beste hogei bat kaktus, etxe berrira. Hor hasi zen nire afizioa. Hasi nintzen espezie ezberdinak bilatzen, eta apurka apurka osatu dut nire bilduma. Pisuan 300 bat landare nituen, baina semea jaio behar zela eta, leku berri bat bilatu behar izan nien. Duela hiru bat urte hasi nintzen negutegiarekin. Egun milatik gora kaktus ditut, 600 espezie ezberdin. Afizio lasaia da. Ni oso bizia naiz, nire lana kirola da. Hemen, ordea, lasaitasuna aurkitzen dut.

Zaletasuna baino gehiago dira egun kaktusak?
Nire helburua ale ederrenen bilduma egitea da. Baina kaktus landareek kimuak izaten dituzte, ugaldu egiten dira eta landaretxo berriak sortu. Kimu hauek hazi eta saldu egiten ditut, bilduma mantentzeak suposatzen duen kostua pixkat arintzeko. Iaz Larrabetzuko bertoko produktuen azokara gonbidatu ninduten eta kriston arrakasta izan nuen. Arrietako azokan, Baserri Antzokian eta Larrabetzuko Txakoli egunean ere egon naiz. Instagram bidez ere kontaktatzen dute nirekin. Zuzenean negutegira etortzera gonbidatzen ditut euren kaktusa aukeratzera.

Instagramen kaktusero bezala aurki zaitzakegu. Egun 3000tik gora jarraitzaile dituzu. Kontua negutegiarekin batera jaio zen?
Instagrameko kontua motibazioa da negutegia ondo jagon eta polita mantentzeko. Argazkiak eta bideoak egitea suposatzen dit negutegia kontrolpean eta ordenatuta mantentzea. Lana serioago eramateko arrazoi bat da. Bertan kontatzen dut nola egiten ditudan birlandatzeak, nola prestatzen dudan nire lurra… Egunero saiatzen naiz nire kaktusen argazki berri bat igotzen.

Badago gurean kaktuszaleen komunitaterik?
Euskal Herrian oso gutxi. Ez dut ni bezalako zalerik ezagutzen. Donostian badago kaktusen hazitegi bat… baina hemengo klima ez da kaktusentzat egokiena, erraz usteldu ahal zaizkie sustraiak. Andaluzian eta Hego amerikan zaletasuna askoz handiagoa da.

Instagrameko lehenengo argitalpenak euskaraz egin zenituen. Baina gero gazteleraz idaztera pasa zinen. Zaila da euskarazko edukiak sor-tzea sare sozialetan?
Frustrazio handia izan da niretzat. Euskaraz hasi nintzen edukiak igotzen, nire hizkuntza delako eta zerbait ezberdina egin nahi nuelako euskaraz. Baina Euskal Herri mailan ez dut ia jarraitzailerik. Gehienak hego-amerikarrak (argentinarrak, paraguaitarrak eta txiletarrak bereziki) turkiarrak eta asiarrak dira. Orduan bi hizkuntzetan egiten hasi nintzen. Baina instagrameko itzultzaile automatikoa ez da euskararekin ondo moldatzen. Horregatik gaztelera hutsean sortzen ditut edukiak egun, nahiz eta saiatzen naizen euskara presente edukitzen.

Kaktusak eder mantentzeko hiru gomendio:

Kaktus bakoitzak ur kantitate desberdina behar du.
Badaude batzuk kalean utzita gure parajeetako hezetasuna onartzen dutenak. Baina beste batzuk delikatuak dira eta gehiago kontrolatu behar dituzu. Ureztatu aurretik, makiltxo bat sartu lurrean, siku dagoela ikusteko. Beste landareak ez bezala, kaktusen lurra guztiz sikatu behar da berriz ureztatu aurretik. Arriskua da gehiegizko ureztaketarekin sustraiak usteltzea. Urik ez badu kaktusa ez da haziko, baina ez da hilko.

Kaktusen lurra oso minerala izan behar du.
Lurrak parte organikoa eta parte minerala izan behar du, baina alde minerala gailendu behar da. Lurra oso solte egon behar du. Horretarako harritxoak edo perlita bota ahal zaio. Sustraiek ura xurgatzen duten bitartean hezetasuna mantenduko da, baina, era berean, sobran dagoena arin sikatuko da.

Argitsua den leku batean, baina aterpean.
Argi asko behar dute kaktusek. Etxeko leku argitsuenean jarri landarea eta aterpean badago hobe. Horrela jasotzen duen ur kantitatea kontrolatu ahalko duzu.

 

Bildumako hiru kuttunak

Gymnocalycium

Gymnocalycium
Mutazio genetiko baten ondorioz pigmentazio gutxiago eduki dute euren hazkuntzan eta kolore ezberdinekin hazi dira. Kolore berdea ematen dien klorofila galdu dute tarteta eta kolore gorrizka dute. Horrelako kaktusak oso preziatuak dira. Gero eta arraroagoak, direla mutazioak direla genetikoki bakanak, balore gehiago dute. Forma eta koloreak oso erakargarriak egiten zaizkit. Gainera lorearen kolorea ere aldatzen da ale batetik bestera.

 

Euphorbia horrida
Berez ez, da kaktus bat. Euphorbiak sukulenta-landare familiaren barnean daude eta bere berezitasuna da izerdia dutela. Oso arantza lodi eta arraroak ditu. Kolore berde erakargarria du.

 

Euphorbia lactea cristata
Hemen txertaketa bat ikus dezakegu. Bi kaktus espezie ezberdin dira, bata bestearen gainean jarrita. Formak eta koloreak izugarriak dira. Pieza oso berezia da, tamaina handia lortu du, urte asko daramatza nirekin eta bildumako ale on bat da.