“Hiru Erregeen Mahaian nengoela esan zidaten Jone, batzuetan filmeko protagonista izango nintzela”

Aikor aldizkaria 2025ko urr. 6a, 15:05

OLAIA AGUAYO Aktorea
Kasualitatez heldu zen Olaia Aguayo (Larrabetzu, 2002) Jone, batzuetan filmeko protagonista izatera. Honek “ez zekien antzezten” filmeko protagonista izan baino lehen, baina esperientzia “zoro” eta “izugarria” izan dela dio. Irailaren 12an estreinatu zen filma, eta hainbat zinema-jaialditan egon ondoren, filma Donostiako Zinemaldiko Zinemira sekzioan egon da.

Zelan doa estreinaldiarekin datozen promozio, elkarrizketa eta bestelakoak?
Oso ondo. Orain dena lasaiago dago, estreinaldia irailaren 12an izan zelako, baina horren aurretik  pila bat elkarrizketa eta bestelakoak egon ziren, Aste Nagusian ere promozio dezente egin genuen. Egia da Sarak (Sara Fantova, filmaren zuzendaria) elkarrizketa asko dituela. Bera ibiltzen da handik hona, alde batetik bestera, baina ni lasaiago (barre).

Zer nolako esperientzia izan da film bateko protagonista izatea?
Zoroa. Noski, nik zinema munduaren inguruan nekiena oso gutxi zen, nire lagun Amets Zuluetaren Bi Baserri film laburrean izan nintzen arte-zuzendaria behin, eta orduan bizitakoa bakarrik nekien. Antzezteari buruz zein orokorrean gutxi nekien. Orain prozesua bukatu dela eta mundu honetaz gehiago dakidala perspektibarekin ikusten dut dena eta… oso zoroa da. Hasieran ez zitzaidan hainbesterako iruditzen, “Bale, pelikula bat egingo dut”, baina orain pasa den guztia ikustean harritzen naiz (barre).

Nola bukatu zenuen film bateko protagonista izaten aurreko esperientziarik izan gabe?
Amets Zulueta, filmaren casting-zuzendaria, nire lagun mina da. Casting prozesu amaieran oraindik “Jone” ez zeukatela ikustean, Amets kuadrillakoak animatu gintuen castingera aurkezteko, probatzearren. Castinga librea zen, ez zenuen zertan antzezten jakin behar. Eta ni beste lagun batekin animatu nintzen, eta inprobisazio proba bat egin genuen. Gero berriro deitu ziguten beste proba bat egiteko. Eta hortik astebetera deitu zidaten Jone nintzela esanez. Baina nik horren aurretik ez nuen ezer egin, ideiarik ez.

Zer sentitu zenuen aukeratua izan zinela esan zizutenean?
Hiru Erregeen Mahaia igotzen nengoen nire aitarekin, eta mendi-aterpe batean egon ginenez ez genuen estaldurarik. Tontorrera igo baino lehen dagoen horman geundela, tontorrera igoko ginen ala ez erabakitzen elur asko zegoelako, estaldura izan genuen. Pila bat mezu iritsi zitzaizkidan. Ametsen bat: “Olaia, deitu ahal zaitut?”, eta nik “Honi zerbait gertatu zaio”, eta “Bai, bai, deitu”, eta bideodei bidez deitu zidan eta esan zidan: “Olaia! Jone zara!”. Eta nik “Aita! Jone naizela!”. Orduan imajinatu, estaldurarik gabe, mendi-puntan, tontorrera igo ezinik… jaitsiera izugarria.

Filmaketa nolakoa izan zen?
Filmaketa bi zatitan egin zen: bat Aste Nagusi bueltan, abuztuan, eta gero bigarren zatia irailean. Abuztuan grabatu genituen kanpoaldeko eszenak eta irailean etxe barrukoak eta bestelakoak. Pila bat entseatu nuen Sararekin, lagunekin, Joseanekin (Bengoetxea, Joneren aita filmean), Elorrirekin (Arrizabalaga, Joneren ahizpa txikia filmean)… Baina momentua heldu zenean eta Kaskagorriko muntaketan, kamera bat aurpegitik metro erdira jarri zidatenean, orduan nire buruak zioen “Bale bale bale, lasai, ai ama”. Hasieran filmaketa lasaia zen, baina lasaitasunak bi egun besterik ez zuen iraun. Gero Aste Nagusia hasi zen eta horrekin batera eromena, txupinazoarekin hasi genuelako Aste Nagusia. Ikaragarria izan zen, baina hartualdi bakarra izan zitekeen zuzeneko musikagaitik, ezin zen errepikatu. Adibidez, Kranba!-n bageunden eta musika bazegoen ezin genuen edozein momentutan moztu eta berriz hasi, hartualdi bakarra geneukan saiakera bakoitzean. Orduan esperimentu apur bat izan zen, baina oso ondo irten zen.

Zer egin zitzaizun zailena esperientzia honetan?
Nik uste dut zailtasun handiena lehen fasetik bigarrenera pasatzea izan zela, lehen fasea “gure bizitza” zelako apur bat. Esaten badidazu ez naizela inoiz Aste Nagusian egon eta ez dakidala zer den, eta testuinguru horretan antzeztu behar dudala, askoz zailagoa izango litzateke. Baina testuingurua eta ingurua ezagutzen nituenez, jaia eta antzezten zeunden hainbat ere… ausartuko naiz esatera erreza zela antzezteko. Baina gero, Aste Nagusia amaitzean, hor hasi zen benetako pelikula. Hor ez zen testuinguruak eskatzen zuena egitea, hor gidoiak eskatzen zuena egin behar genuen. Aldaketa hori kostatu zitzaidan, gehienbat beldurragatik eta nire burua zalantzan jartzeagatik, bat-batean “Ai ama, orain hasiko gara benetan antzezten. Ahalko dut?”. Ergelkeria bat, besterik gabe. Gero ikusi dut. Eszena zailenak niretzat adibidez pelikulako azkenekoa eta kotxeko izu-atakea hondartzatik bueltan izan ziren.

Aipatu duzu Sara oso umila dela, baina Zinemaldia dator orain, eta bertan egongo da filma, Zinemira sekzioan. Nolakoa da alde batetik Fantovak hain lasai hartzea dena eta gero filma Zinemaldian jartzea
Niri Sarak pelikula egin ostean lasaitzen ninduen, ni ez harrotzeko: “Pelikula bat egin dugu, pozik egon behar gara…”, berak oinak lurrean ditu, eta hori asko eskertu dugu denok. Filmaketa 2023ko irailean bukatu genuen, eta bi urte ondoren, 2025eko martxoan esan zidaten “Malagako festibalera goaz”. Eta ondoren etorri da beste dena: Bartzelonako D’A zinema-jaialdia, Kanaria Handikoa, Mallorcako Atlantida zinema-jaialdia… Jaialdien erronda, gainera denbora guztian Euskal Herritik kanpo. Zinemetan estreinatu aurretik izan dugun sentsazioa oso ona izan da eta oso pozik egon gara emaitzarekin… Baina esaten genuen: “Oraindik ez du gure jendeak ikusi, gure publikoa da falta dena, Euskal Herriko jendea.” Orduan estreinatzea, eta hilabete berean Zinemaldiko Zinemira sekzioan jartzea izugarria izan da.

Etorkizunera begira zer plan?
“La pregunta del millón” (barre). Antzezten jarraituko dut ziurrenik, orain errepresentante bila nabil, badaukat apur bat bideratuta, errepresentanterik gabe oso zaila baita. Lasai hartzen ari naiz, presio handirik gabe, hasieran gertatu zitzaidalako. Baina orain, lasaitu naiz, gauzak bere denboran doaz, gauzak denborarekin kokatzen doaz. Orduan orain errepresentantea aurkitu eta ez dakigu zer gertatuko den.