Zelan doa bira?
Oso ondo doa, oso momentu gozoan dago, egia esan. Nik uste dut bigarren ikuskizun hau bigarrena izate hutsagatik bestelako beldur batzuk ere sortzen dituela. Lehenbizikoarekin era inkontzienteagoan edo bestelako ausardia batekin egin nuen sentsazioa dut, eta aurreko hura oso ondo joan zenez ba bigarrenak erreparo pixka bat ematen zidan. Zeuden aurreikuspenekin kosta zitzaidan pixka bat arrankatzea eta martxan jartzea. Gero horrelako ikuskizunek beti behar dituzte hilabete batzuk pasa egonkortu arte, dena ondo probatu, ikusi eta hilabete lanpetuagoak pasa. Baina estreinatu nuenetik urtebete pasa den honetan pila bat gozatzen ari naiz, eta ikuskizuna ondo egonkortu da.
Zein da bi ikuskizunen arteko ezberdintasun nagusiena?
Nik uste dut lehenbizikoa izan zela stand up-a deskubritu eta zuzenera eraman nahi izan zuen komiko baten kronika. “Nekatutak” izeneko ikuskizun horrek bazituen nire ustez tekla oso eraginkorrak, irakasleei buruzko txisteak, Ertzaintzari buruzkoak… Eta oso material eraginkorra zen nolabait, eta oso freskoa. Bigarren honetan, denbora pasata, batetik esango nuke idazkerari eman diodala garrantzi handiagoa, beste komiko batzuk ere ikusi izan ditut, eta idazteko beste modu batzuk erakutsi dizkidate. Pixka bat helduxeagoa dela esango nuke, baina aldi berean komediaz eta umoreaz ari gara. Idazteko era pausatuago eta helduago bat hartu dut. Horrekin batera, bigarren ikuskizuna izanda, horrek ematen duen eskarmentuarekin, orain agian eszenatokian erosoxeago sentitzen ari naizela uste dut.
Kartelari dagokionez, zer esanahi du zure buruak zure aurpegia duen ume bat eustea?
Lehenengo ikuskizunetik bigarrenera aipatu ez dudan beste alde bat dago, kasu honetan, bigarren honetan, material pertsonalago dago, edo nire buruari buruzko gauza gehiago ditu, eta hori eraman nahi izan nuen egolatriaren esparru horretara. Horregatik jarri nion “NININI” izenburua. Kartelerako lehen ideia bat banuen. Nik askotan erabiltzen dut komunikatzeko tresna bezala selfie-ak bidaltzea. Adibidez, neska-lagunari esateko non nabilen, idatzi beharrean, selfie bat bidaltzen diot. Orduan sekulako selfie bilduma neukan eta esan nuen: “Oso kartel egolatra izango litzateke nire buruaren selfie-kin egindako mosaiko bat egitea nire argazki bat osatzeko”. Hasi nintzen horrekin bueltaka, eta gero jo nuen Markel Idigoras diseinatzaile eta lagunarengana, eta teknikoki egiteko nahiko zaila zen eta emaitza pixka bat pobre gelditzen zen. Eta berak proposatutako argazkia izan zen, kartelera gero iritsi dena. Berak zerbait oso deigarria egitea nahi zuen, deigarria eta agian puntu baten desatsegina izan zitekeena, eta nik uste dut efektu hori baduela. Eta gainera momentu batean ikuskizunean esaten dut: “Nire neska-lagunak eta nik ume bat daukagu, eta umea ni naiz”. Eta hor banago ni eta nire umea aldi berean.
Nola bukatu zenuen komedian?
Nik Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen eta irratian eman nituen lehen urratsak. Irratira iritsi aurreko fase horretan beti izan nintzen komediazalea, monologoen kontsumitzailea eta guzti hori, late night-ak ere gustatzen zaizkit. Baina aldi berean pentsatzen nuen kazetari serio bat izan beharko nuela, irratian titularrak ematen lan egin, ez nuen oso argi. Eta hor zorte handia izan nuen, praktikak egiteko aukera Gaztea Irratian tokatu zitzaidalako. Hor hasieratik esan zidaten gustoko nuen horretan jarraitzeko. Entretenimenduari kantxa handia ematen dion irratia da Gaztea. Orduan hor hasi zen pixkanaka deskubritzeko prozesu hori, benetan gustatzen zitzaidan hura nire ofiziora eraman nezakeena. Gero oso momentu garrantzitsua izan zen 2018an, Louis C.K.-ren Netflix-eko espeziala ikusi nuenean. Momentu erabat transzendentala izan zen niretzat, zabaldu zizkidan ordura arte aurreikusten ez nituen ate asko. Nik banekien bakarrizketak eta halakoak bazirela, eta apur bat eszenatokira eraman zitezkeela gauza barregarriak. Baina emanaldi hartan ikusi nuena beste maila bateko zerbait iruditu zitzaidan, eta deskubritu zidan zer nolako potentzi- ala zuen stand up comedy-ak. Hor erabat sartu zitzaidan zuzeneko komedia egiten hasteko behar hori.
Saltsa guztietan sartuta zaude: komedian, irratian, telebistan… Non sentitzen zara erosoen?
Irratian oso eroso sentitzen naiz, Mihiluzen zeresanik ez… Horretan zorte handia daukat. Baina nolabait gehien betetzen nauena zuzeneko ikuskizunena da. Nire kabuz egiten dudan zerbait da eta prozesu guztian nago ni. Gogobetetasun handia ematen du. Zuri bururatu zaizkizun ideiekin ikuskizun bat antolatu eta jendaurrera eramateak asko betetzen nau. Eta gainera, hor badago irratian edo telebistan ez dagoen elementu bat, eta zuzeneko publikoa da. Hor dagoen energia hori (ez beti), baino zuzenekoetan sortzen den magia hori pila bat gustatzen zait. Esango nuke stand up comedy-an bilatu dudala nabarmen nire esparrurik gustokoena, idazketatik, zuzenekotik dauka, hizkuntza lantzeko modu bat ere bada… Eta asko-asko gustatzen zait.
Nolakoa izan zen Larrabetzuko ikuskizuna?
Zoragarria. Hori Bai gaztetxera joan nintzen lehenengoz “Nekatutak” ikuskizunarekin, eta nik aurretik ez nuen ezagutzen. Gogoratzen dut emanaldi hura gerturatu ahala, inguruko jendeak nola esaten zidan: “Larrabetzuko gaztetxea Euskal Herriko gaztetxerik mitikoena da” eta halakoak. Orduan joan nintzen hype puntu batekin zentzu horretan, ondo emozionatuta. Nolabait gaztetxeetan eta bestelako aretoetan aritzeak beti ematen dizu gertutasuna: antolatzaileak aurrez-aurre ezagutu, eta ikusi nola funtzionatzen duen… Esango nuke hor plus bat badagoela. Eta bigarren ikuskizun honi dagokionez, emanaldi oso ederra izan zen. Jende pila bat etorri zen, eta esango nuke bi faktore ematen direla: oso gertukoa alde batetik, gaztetxea erraldoia ere ez baita, baina aldi berean txiki-txikia ere ez da. Orduan konbinazio bat da. Askotan antzokietan distantziak pixka bat luzatzen dira, eta giro hori galtzen da edo bestelako bat sortu. Baina gaztetxearen kasuan alde batetik oso gertukoa izan zen eta patxada handiz jarduteko modukoa, baina aldi berean 200 lagun baino gehiago zeuden, eta indar bat ere sumatu zen. Orduan pila bat gozatu nuen. Gero gainera Asier Kortabarria komiko eta laguna ere, Larrabetzun erroldatu bidean dagoen laguna da eta berak ireki zuen ikuskizuna, eta hari ere ilusioa egiten zion bertan aritzeak. Orduan osagai oso berezi bat eman zidan eta pila bat gozatu genuen.
Beraz datorren ikuskizunerako Larrabetzu markatuta edukiko duzu.
Zalantzarik gabe. Haiek nahiko balute behintzat, eta aurreko ikuskizunaren emanaldia bukatu bezain laster ere oso argi utzi nuen, bueltatzeko desiatzen gaudela.