Olatz Arrizabalagak indartsu ekin dio binakakoari, Larrabetzun

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 12a

Emakume Master Cup

Domekan, urtarrilak 11, Larrabetzuko frontoiak Emakumeen Binakako Txapelketa Nagusiko hirugarren jardunaldiko partida hartu zuen. 

Hirugarren jardunaldia bazen ere, Olatz Arrizabalagarentzat lehen partida zen, lehendabiziko neurketa ez baitzuen jokatu. Arrate Bergararekin bikote osatuz, Ainhoa Ruiz de Infante eta Nora Mendizabal 22-13 garaitu zituzten. Arrizabalagak eta Bergarak beraien bigarren garaipena lortu dute txapelketan eta finalaurrekoetako helburua bideratu dute.

Hasieratik pilota gosez nabaritu zitzaion aurrelari gernikarrari. Indartsu itzuli da bere txapelketarik gustukoenera: bost aldiz jantzi du txapela binakakoan. Arrizabalaga eta Arrate 7-0 aurreratu ziren markagailuan, lehia bideratuta zeukatela zirudien. Baina Ruiz de Infantek eta Mendizabalek ez zuten amorerik eman eta, behetik gorakoa osatuz, partida hamahiruna berdintzea lortu zuten. Hortxe geratu ziren. Behin sakea berreskuratuta, Arrizabalagak partidaren aginte makila hartu zuen eta joko “oso ona erakutsiz eta sekulako tantoak lortuz" 22. tantora joan ziren zuzenean.