‘Izeba Txirrita’ antzezlana aurkeztuko dute Larrabetzun

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 15a

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoan sortutako antzezlana da ‘Izeba Txirrita’ eta domekan, urtarrilak 18, 18:30ean, Larrabetzuko eskolako jantokian aurkeztuko dute. Bigarren emanaldia izango da, zapatuan, urtarrilak 17, Astigarragan estreinatuko baitute.

Zelako Kultur Ideiak konpainiaren antzezlanak 1936ko altxamendu frankistatik abiatutako bidaia bat proposatzen du, memoria kolektiborako ariketa bat dela diote: “Mudantza baten erdian, zoriak nerabe bi eta euren izeba zaharra elkartuko ditu familiaren etxe zaharrean. Kutxaz kutxa, izebaren bizitzarekin lotutako sekretuz betetako altxorrak eta pasadizoak aurkituko dituzte. Nerabeek hasieran ez diote kasu handirik egingo, baina pixkanaka ikusiko dute iraganeko istorio horiek zein bizirik dauden oraindik”.