Martxoaren 14an Maskarada egingo dute Larrabetzun

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 21a

Domekan, urtarrilak 18, eman zioten hasiera ofiziala Zuberoako maskaradei, Ozazen, eta apirilaren 25era arte luzatuko dira, guztira 15 herritan osatuko dituzte. Larrabetzu gehitu beharko genuke zerrenda horretara. Hain zuzen ere, Bizkargi dantza taldearen ekimenez maskarada egingo dute martxoaren 14an.

Aspalditik esku artean daukaten proiektua da, dagoeneko zenbait bilera egin dituzte . Ahalik eta gehien ikasteko irteera antolatu dute eta guzti: otsailaren 14an Pagolako maskarada ikustera joango dira.  Joan-etorria autobusean egingo dute, 07:00etan aterako dira eta 20:00etarako itzuliko dira. Dantza elkarteko bazkideek 10 euro ordaindu behar dituzte eta gainontzekoek 15 euro. Otsailaren 4a da izena emateko azken eguna, 644 16 60 34 telefono zenbakira idatziz egin daiteke.

Ordurako Larrabetzuko maskaradako lanak aurreratuta izango dituzte. Dagoeneko dantzak ikasteko bidaiak egin dituzte Zuberoara. Bizkargi dantza taldetik nabarmendu dute 60 laguneko taldea elkartu dela, 40 herritar inguruk parte hartuko dute eta beste 20 inguru laguntzaileak izango dira. Guztien arteko “elkarlana” nabarmendu dute: “Zuberoako maskarada gurera ekarri eta gurea egin nahi izan dugu, gure erara mimoz moldatu dugu. Horretarako elkarlana ezinbestekoa izan da: herriko jostunak, musikariak, dantzariak…" Aurreratu dutenez, martxoaren 14rako egun osoko egitaraua prestatuko dute: goizean barrikadak, eguerdian bazkaria, arratsaldean antzerkia eta iluntzean elektrotxaranga.