BizkaIdatz literatur lehiaketaren helburua da bizkaitarren artean “literatur sorkuntza sustatzea eta bultzatzea”. Parte-hartzaileek kontakizun bat idatzi behar izan dute, idazleek proposatutako bi istorioen hasierei jarraipena emateko, betiere proposatutako kontakizunen hasierara, pertsonaietara eta planteatutako egoeretara egokituz. 17. BizkaIdatz lehiaketan, Oihane Amantegiren ‘Aldiro liburu bat’ eta Javier Ibarrolaren ‘Mañana en mi casa’ liburuetan oinarritu dituzte kontakizunak, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.
Euskarazko modalitatean epaimahaikideak Oihane Amantegi Uriarte, Borja Alonso Vaamonde eta Gonzalo Arranz Ayala izan dira. Lehen saria Miren Estibaliz Vivanco Ramirezek jaso du ‘Ahmed gaztea eta pari-banu maitagarria’ lanarengatik; bigarrena Oskar Gaztelu Bilbao larrabetzuarrak ‘SINMURGH!’ lanarengatik eta, azkenik, Francisco Javier Gimenez Sasietak hirugarren saria jaso du ‘Alepoko gizona’ lanarengatik.
Irabazleak 2.000 euro poltsikoratu ditu, bigarrenak 750 euro eta 250 euro hirugarrenak. Gainera, Foru Liburutegiko ekitaldian banatu zuten kontakizun guztien argitalpen berria.