Larrabetzun zaintzak demokratizatzeko ekintza plana osatu dute

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 13a

2026-2027 aldirako plana da, lau ardatz nagusi ditu eta Larrabetzuko Udalak eta Zaintza Mahaiak bi urte baino gehiago daramate lanean ekintza plana osatzen.

Larrabetzuk zaintza eredu “bidezkoago eta komunitarioago bat” eraikitzeko konpromisoa hartu du. Zaintzan demokratizatzeko ekintza plana ondu dute. 2024ko diagnostikoan identifikatutako beharrak eta 2025ean egindako esperientzien jasoketak kontuan hartuta ostau dute udalak eta Zaintza Mahaiak 2026–2027 aldirako ekintza plana.

Lau ardaitz nagusitan oinarritzen da eta helburu “zehatzak” dituela diote. Batetik, udalgintza zaintzailea indartu nahi dute, hau da, zaintzen gobernantza sendoa eraiki. Horretarako, zaintza arloa sortuko dute, udal langileei Pertsonetan Oinarritutako Arreta ereduan prestakuntza eskaini, herriko baliabide publiko eta komunitarioen mapa zabaldu eta irisgarritasuna hobetzeko oztopoak identifikatu eta konpontzeko plangintza egin.

Beste helburu nagusietako bat zaintzare inguruko sentsibilizazioa handitzea da, “zaintzak ikusgarriz bihurtuz eta auzolana aktibatuz”. Urtero ‘Zaintzak erdigunera’ eguna antolatzea aurreikusten dute, baita herritarrei eta kolektibo zehatzei zuzendutako prestakuntza eta informazio saioak eskaini ere.

Hori aurrera eraman ahal izateko, sare komunitarioak indartzea beharrezkoa ikusten dute: Bakardadearen diagnosi parte-hartzailea egin eta neurriak garatu, zaintza mahaia egonkortu, ebaluazio jarraitua egin eta jantoki komunitario baten aukera aztertu.

Azkenik, zelan ez, zaintzaileen bizi eta lan baldintzak hobetzean “arreta berezia” jarri nahi dute. Etxeko langileen elkarguneak sortzea eta indartzea dute buruan, “beharrak identifikatu eta prestakuntza espezifikoa eskaini”. Horrez gain, zaintzaileei errolda soziala egiteko aukera eman nahi diete.