Horri aurre egin nahian, Udalak bere eskura dituen neurri batzuk martxan ditu azken urteetan, eta aurten aurrera pausoak eman nahi ditu. Ordenantza fiskalak dira horietako bat. Hauetan hobari eta errekarguak sartzeko aukera dauka Udalak.
Bide horretatik, zenbait erabaki hartu izan dituzte dagoeneko. %50eko hobaria ezarriko diote “Etxebizitza Hutsen Programan” edo “Etxebizitza Askeen Alokairurako Merkatuko Bitartekaritza Programan”, edo autonomia, foru zein udal mailako beste antzeko etxebizitza programa batzuetan utzitako higiezinen zergari.
Era berean, ondasun higiezinen gaineko zergaren gainean foru legeak hutsik dauden etxebizitzei errekargua egiterako orduan %50ekoa izan bada gehienezko muga, 2026tik aurrera aukera hau %150era igo dute. Horrela, udalak hurrengo urterako etxebizitza hutsen ondasun higiezinen errekargua %75era igoko du.
2026rako eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren kuotaren gainean, %90eko hobaria ezarri du udal gobernuak “Etxebizitza Hutsen Programan” edo Etxebizitza Askeen Alokairurako Merkatuko Bitartekaritza Programan edo autonomia, foru edo udal mailako antzeko beste etxebizitza plan eta programa batzuetan lagatako higiezinetarako.
Baita alokairuan ere
Bestetik, alokairurako dirulaguntzak ere aldatu dituzte. “Azken urteetan hauek eskatzeko aukera izan dute herriko gazteek, baina helburu berbera duten beste dirulaguntza batzuek ezartzen duten bateraezintasuna dela eta, ezin izan da diru hori banatu”, azaldu dute. Hori ikusita, laguntza hauen zentzua birplanteatu dute. Hurrengo urtean, laguntza horiek alokairuko hornidura gastuak estaltzeko balioko dute, eta egoera zaurgarrienean dauden herritarrek eskatu ahal izango dituzte.
“Neurri hauek pausu bat izan arren nahikoa ez direla argi dugulako, ildo honetan, datorren urteari begira beste pausu batzuk emateko asmoa dugu. Horretarako, aurrekontuetan etxe hutsen gaineko lanketa egiteko diru partida bat zabaldu dugu”, azaldu dute