Pinua zegoen lekuan, eukaliptoa

Aner Mentxaka Alvarez 2026ko otsailaren 19a

LARRABETZUKO BASOAK
Iazko uztaileko aldizkarian Eduardo Martin Azaolak Txorierriko bero-uharteen mapa aurkeztu zigun. Sarean aurki daitezkeen datuetan oinarrituta, mapak egiten ditu lezamarrak. Eta oraingoan Larrabetzuko basoen ingurukoa aurkeztu digu. Zein da gaur egungo baso eta landaketen banaketa? Zenbat da eukaliptoa? Zenbat koniferoa? 2005eko datuekin alderatu ditugu, egondako bilakaera azaleratzeko.

Txorierrin azalera handiena duen herria da Larrabetzu. Biztanle gutxien duena ere bada. Beraz, lur eremu handia du belardi, baso eta landaketei eskainia. Martinek zuhaitzei eskainitako espazioa nabarmendu du mapan, eta hiru multzotan banatu ditu: koniferoena (laranjaz), eukaliptoena (urdinez) eta hostozabalena (berdez).

Basoek, gaur egun, udalerriaren azaleraren bi heren hartzen dituzte. Beste herena dira soloak, zelaiak eta hiritartutako lur eremuak. 2005ean ere antzeko hedadura zuten zuhaitz eremuek. Lehenik eta behin, basoen eta zuhaitz landaketen artean egin behar dugu diferentzia. Basoak zuhaitz espezie ezberdinez osatutako ekosistemak dira, non izaki bizidunen arteko oreka bat ematen den. Zuhaitz landaketak, ordea, espezie bakar batez osatutako espazioak dira, gainerako landare eta animalien existentzia zaila edo ezinezkoa eginez.

Hostozabalen kategorian ditugu haritzak, lizarrak eta bertakoak diren zuhaitz espezieak, era naturalean jaiotakoak edo gizakiek landatutakoak. Espazio hauek soilik dira baso ekosistema, animalia eta landareen babesleku. Gaur egun Larrabetzuko azaleraren %13 soilik da basoa. Duela 20 urte %11 zen.

Eukaliptoaren azalera ia seikoztu da 20 urtetan Larrabetzun

Koniferoen taldean daude pinuak eta izeiak. Bi pinu espezie landatzen dira bereziki: intsinis pinua eta itsaso pinua. Larrabetzuren herena dago koniferoz landatuta, ia 700 hektarea, baina 2005ean udalerriaren erdia, 1.100 hektarea, pinudia zen.

Eukaliptoen artean ere bi espezie izan dira landatuenak: nitens eta globulus. Hauen gorakada izugarria izan da 20 urtetan, 72 hektarea ziren 2004an, gaur egun ia 400 hektarea dira.

Larrabetzuko lurren erabilera, 2005eko eta 2024ko datuak, hektareatan.

 

Esan bezala, baso edo landaketa azalera berdintsua mantendu da 20 urte hauetan eta bertako zuhaitz espezieek ia ez dute lortu lur gehiago konkistatzea. Baina basogintzak, apurka apurka, pinua eukaliptoagatik ordezkatu du. 2005ean, eukalipto hektarea bakoitzeko 15 hektarea pinudi zeuden, eta gaur egun ez da bi hektareatara heltzen.