Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren baitan eraman duzu filma aurrera, askotariko euskal sortzaileentzako babesa izaten ari da azkenaldian.
Euskal emakume zinemagileen ikusezintasunaren inguruko tesia amaitzen nengoen, baina ikerlari alde horretatik kanpo, beste esparru batera eraman nahi nuen, nire alde zinemagilean ere landu ahal izateko. Nire desioa zen umeekin edo gazteekin gai hau landu ahal izatea. Ikuspuntu berezia dute, etorkizunera gehiago jotzen duena. Geuretik Sortuakek babesa emateaz gain, oso polita iruditzen zitzaidan Euskal Herriko edozein herritan garatu ahal izatea. Are gehiago kontuan izanda ez nekiela zein tokatuko zitzaidan. Nire buruan herri txiki bat irudikatzen nuen, artea batzuetan hirietan bakarrik geratzen delako.
Eta Larrabetzu egokitu zitzaizun. Mapan kokatzen zenuen?
Egia esan, izena bai ezagutzen nuen, baina ez nuen kokatzen. Hain zuzen, egin nuen lehendabiziko gauza izan zen. Nire buruan neukan herri txiki horretarako tamaina egokia duen herria da. Bizkaiera ezagutzea ere asko gustatu zitzaidan, eskolan batez ere. Orain, adibidez, badakit zer den maiukia, nire hiztegira batu dut. Hasieran arraroa egiten zitzaidan, baina orain naturala egiten zait, belarria egin dut hilabete hauetan. Euskal Herriko aniztasunaren isla da eta ederra da benetan.
Zelan bizi izan duzu egonaldia?
Oso polita izan da. Hasieran ikastaroak egiten genituen eskolako umeekin. Helburua zen ikusezintasuna lantzea, baina txikienek erabaki izan dute filmaren norabidea. Haiek sortu dute istorioa. Zalantza handienetako bat adina izan zen. Ume txikien naturaltasun eta inozentzia hori mantendu nahi genuen, baina aldi berean nagusiagoek ideiak garatzeko eta argitzeko erraztasun handiagoa dute. LH1eko klasea aukeratu genuen, eta hautaketa aproposa egin dugu. Hasieran, joan-etorriak egiten nituen Iruñetik, astean bitan egiten genuen ikastaroa. Grabaziorako egonaldi luzeagoa egin nuen uztailean. Azkenean, Larrabetzuko historia eta istorioak ezagutu nahi nituen filmean sartu ahal izateko. Akerra, esate baterako, figura garrantzitsua da herrian, nortasuna ematen dio.
Zer aurkitu duzu Larrabetzun?
Maripiren etxean geratu nintzen eta oso eskertuta nago. Oso jatorra eta eskuzabala izan zen herritar guztiak ezagutzerakoan behar nuena laguntzeko prest agertu zen. Herria ezagutzea zoragarria izan da, batez ere herritarrak, askotarikoak gainera, txikienetatik nagusienetara. Herria oso irekia izan da, beti laguntzeko prest. Umeek asmatu zuten istorioa basoan bizi den emakume baten inguruan da. Horretarako, Larrabetzuko herrigunea bakarrik ez, inguruak ere ezagutu behar izan nituen, Bizkargi edo Gaztelumendiko bunkerra.
Zelangoa izan da sormen prozesua?
Hasieran tailerrak egin genituen umeekin, film bat zer den, zelan egiten den, zenbat kamara dauden… Film bat proiektatu genuen. Hau da, erreminta eta aukera guztiak eskaini nizkien, gero haiek zer nolako filma egin nahi zuten erabakitzeko. Baldintza bakarra izan da emakumeen ikusezintasuna landu beharra zegoela. Horregatik, ikusezintasuna zer den landu behar izan genuen, kontzeptu abstraktua delako. Oso polita izan da ikustea zer nolako ideiak etortzen zitzaizkien burura. Adibidez, emakumeekin lotuta, beraien familiako emakumeen inguruko lan bat idaztea eskatu genien. Nire tesiaren azken ondorioa izan da emakume zinemagileek ikusezintasuna pairatu dutela, baina ikusezintasunaren alderik gogorrena da inoiz sortzera heldu ezin izan direnak, ez dituztelako baldintza teoriko eta praktikorik izan. Beti jartzen dudan adibidea nire izeba-amonarena da. Txikitan zaintzen nindunean ipuin ikusgarriak kontatzen zizkidan, idazle bikaina izan zitekeen, baina ez zuen inoiz aukerarik izan liburu bat idatzi ahal izateko. Ezin zuen ezta imajinatu ere egin. Azkenean, emakume ikusezinak gure inguruan, familian, daudenak izan daitezke. Behin, zinema eta ikusezintasuna zer diren argi izanda, brainstorming bezalako bat sortu genuen apurka filma sortzeko. Gure lana ideiak lotzea zen. Azkenean filman kontatzen da ume talde batek basoen bizi den emakumearen bila joaten direla. Ondoren, bost ume aukeratu genituen eta lau egunetan grabatu genuen filma.
Nolakoa izan da umeekin lan egitea?
Oso polita. Horrelakoetatik gehien gustatzen zaidana da oso gertutik lan egiten duzula protagonistekin, ikastaroez pila bat gozatu nuen. Gehien baloratzen dudana da jendearengana hurbiltzea eta haiekin hitz egin ahal izatea. Azkenean, horrekin geratuko edo oroituko naiz etorkizunean. Orain arte helduekin egin dut lan batez ere, beraz, beste esperientzia bat izan da umeekin lan egitea. Esperientzia bikaina izan da, ilusio ikaragarria dutelako eta oso hurbilekoak direlako. Aldi berean, zaila izan da, batez ere grabaketa. Dibertigarritik ere badauka, ume bateri zaila delako azaltzea ez duela aurrean duen kamara handira begiratu behar. Zalantza barik errepikatzeko modukoa esperientzia izan da.
Beraz, pozik geratu zara emaitzarekin? Ez bakarrik filmarena, prozesuarena ere bai.
Bai, ikaragarri. Bai izan dudala urduritasun puntu bat jakiteko ikusleak zelan hartzen duena filma. Puntu esperimental bat ere badauka, orduan ulertu beharra dago. Material asko nuen esku artean, prozesu guztia bi aldiz bezala bizi izan dut eta aukeraketa bat egitea batzuetan ez da erraza izan. Abenduan defendatu nuen nire tesia eta filma urtarrilaren 5ean amaitu genuen. Ondorioz, bi lanak elkarrekin aurkezteko aukera ere izango dut eta ilusioa egiten dit. Ikusezintasunaren gaia aurkezteko bi modu desberdin dira azken batean. Ondorioa bera da: emakume asko izan dira ez dutenak aukerarik eduki ezta ikusezinak izateko ere, ez dutelako baldintzarik izan sortzeko.
Otsailaren 20ko estreinaldian izateko aukera izan zutenek zer esan dizute?
Lehenengo filma landu dugun klaseko umeen eta familien aurrean aurkeztu genuen eta ondoren herrian. Erantzuna oso ona izan da, oso pozik amaitu dugu, benetan berezia izan da. Herritarrak identifikatuta sentitu dira. Gehiagotan proiektatzeko komentatu genuen, emozionatu egin nintzen eta dagoeneko umeak faltan botatzen ditut.
Eta estreinaldira joan ezin izan zirenentzat, zelan azalduko zenieke zertaz doan filma?
Zinema pedagogiko kolektiboaren barruan kokatuko genuke, gidoia umeekin batera idatzi delako. Umeen abentura filma bat da, basoan bizi den emakume baten bila joango dira. Gogoetarako tartea ere badago. Misteriorik ez zaio falta.

