Eskolako jantokiak Hezkuntza Batzordeko parlamentari eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien bisita jaso du

Mikel Reina Barros 2026ko martxoaren 16a

Barikuan, martxoak 13, Hezkuntza Saileko Iñaki Orbe eta Garbiñe Saenz de Buruaga arduradunek eta EAJ, EH Bildu eta PSEko ordezkariek Larrabetzuko eskolako jantokiaren proiektuaren berri izan zuten. Bisitan, Txinpasmendi guraso elkarteko kideek zenbait eskaera aurkeztu zizkieten.

18 urte dira Larrabetzuko eskolako jantoki zerbitzua Eusko Jaurlaritzako sistematik kanpo dagoela. 2000. urtean, Eusko Jaurlaritzak eskola jantokien zerbitzua arautzeko dekretua argitaratu zuen, eta dekretuaren arabera, eskola jantoki guztien kudeaketa katering enpresen esku utzi behar zen. Larrabetzuko eskolak ez zuen dekretuarekin bat egin; eta, ondorioz, 2008az geroztik, kudeaketa guztia Txinpasmendi Guraso Elkartearen esku dago. 2024an berritu du Jaurlaritzak 2000. urteko araua, eta duela 24 urte ezarritako eredua iraunarazten du. Horregatik, gogoratu dute gaur egun ez dutela lege babesik, sistematik kanpo daudelako. Horrenbestez, ez dute inolako babesik egoera askoren aurrean.

Testuinguru horretan, politikariek gaur egungo jantokiko proiektuaren berri izateko aukera izan zuten barikuan, martxoak 13. Txinpasmenditik hainbat eskaera egiteko baliatu zuten bisita. Batez ere, beste eskolako batzuetako umeek dituzten eskubide berdinak eskatu zituzten. Langileen aldetik, abendutik jantokiko elkarbizitza zaintzeko beste langile bat jardun herenean aritzea lortu zuten. Eta alde horretatik, “pozik” daudela aitortzen badute ere, berez, eskolako ume kopuruagatik, jardun erdira egon beharko litzateke.

Horrez gain, arazo nagusietako bat da, sistematik kanpo egoterakoan, ez dutela Eusko Jaurlaritzarengandik diru laguntzarik jasotzen. Gaur egun, Larrabetzuko Udalaren diru laguntza eta aurten igo behar izan duten jantokiko gurasoen kuota dira diru iturri bakarrak. “Katering bidez lan egiten duten ikastetxeetan, gurean ez bezala, Eusko Jaurlaritzak menuaren  %28 ordaintzen du.  Egoera berraztertu eta sisteman integratzeko bideak aztertu beharko liratezke, edo aparteko finantziazio bideak aurkitu”. 

Bekadunen kasuan, Hezkuntza Sailak jantokiko gastuei aurre egiteko beka jasotzen duten eskolako familiek ez dute kuotaren prezioaren %100 jasotzen. “Bekak jasotzeko oinarrian gestio zuzenean dauden ikastetxeetako menuaren prezioa hartzen da erreferentzia gisa. Eta, gurean, handiagoa da gastua. Egoera horrek desberdintasun egoera sortzen du gestio zuzenean dauden eta egoera zaurgarrian dauden gainontzeko familiekin”. 

Zuzenean ez zuten inolako erantzunik jaso arduradun politikoen aldetik, baina behin datuak eskuartean izanik, erantzun eta konponbideren bat jasotzeko asmoa mantentzen dute. Hori bai, horretarako, ez diete inolako eperik eman.