IRITZIA

Irakurzaletasuna maitasunetik, mesedez

Peru Calabaza 2026ko apirilaren 10a

Gaztetxo nintzela, amak behin, erdi brometan erdi seriotan, zera esan zidan: norbait ezagutu eta bere etxera joaterakoan, han libururik ez baldin badago, irten korrika berehala.

Duela hiru urte, alaba Derioko institutuan nobela bati buruzko azterketa baterako ikasten ari zela, bere irakasleari idazteko ausardia izan nuen. Kontatu nion nire ikasle garaian Mikel Hernandez Abaitua idazlea izan nuela euskara irakasle, eta berak egiten zuena: berarekin genituen hiru eskola orduetatik bat irakurtzen ematen genuen, astero.

Institutuko liburutegiko liburuak (eta bere etxekoak ere, esango nuke) ekartzen zituen gelara, liburu mordoxka bat, eta ordubetez nahi genuena irakurri genezakeen. Liburu batekin probatu eta gustoko ez izanez gero beste bat hartu; gustoko izanez gero, aldiz, liburua etxera eramatea genuen. Batzuetan, musika ere jartzen zigun, jazza edo klasikoa, kasetetan, irakurketa tarte haiek atseginago egiteko.

Inoiz ez zigun inolako azterketa edo frogarik egin bertan irakurtzen genuenari buruz.

Ez dut gogoratzen asteko beste bi euskarako orduetan zer egiten ote genuen (ez eta ikasturte hartako beste ikasgaietan ere, egia esan), baina irakurketarako tarte hura biziki gogoratzen dut, eta nire irakurzaletasunean asko eragin zuela ere lasai esan dezaket.

Irakurzaletasuna sustatzeak, nere ustez, hezkuntzaren helburu gorena izan behar du, nor bere kabuz jakintzatara ailegatzeko biderik aberatsena delako, pentsaera konplexua garatuz eta espiritu kritikoa aberastuz, plazer iturri amaigabea izateaz gain. Irakurzaletasuna presiorik gabe sustatu behar dela ere argi daukat, ez baldin badugu harekiko herrarik eragin nahi. Hamar urteko umeei ‘irakurtzea gorroto dut’ esaten entzuten diet askotan, eta kezkagarria da, zaindu beharreko kontua.

Gauzak beste era batera egin daitezkeela esan beharra dago: betebeharretik baino plazerretik eta maitasunetik ikasten diren gauzak betiko ikasten direla, alegia.

Pantailak monstruotzen ez naiz hasiko orain, baina nabaria da galdu dugun kontzentrazio gaitasuna eta arnas luzeko jarduera luzeak egiteko dugun zailtasuna, garai hauek jartzen diguten erritmo honetan. Kontuz ibili beharko genuke, mezu sinple eta laburren ekosistema hau autopista aproposa baita inguruan dauzkagun faxismoen mezuak hedatzeko. Eta horrek bai ematen du korrika irtetzeko gogoa... baina korrika nora?