Ekainaren 5ean emango diote hasiera Bizkaiko Taldekako Txapelketari eta bertan Txorierriko ordezkari bat izango da: Itallen. Finalaurrekoak eta finala irailaren 12an jokatuko dituzte Bizkaiko Bertsozale Elkartekoaren egunarekin batera. Egun osoko plana izango dela aurreratu dute, goizean finalaurrekoak, gero bazkaria, eta bazkal ostean finala.
Bosgarren taldekakoak, guztira, 14 taldek eman dute izena, eta 80 parte-hartzailetik gora izango ditu lehiaketak. Antolatzaileek partaideen “profil anitza” nabarmendu dute: oso gazteak direnak, beteranoak, aspaldi bertsotik aparte ibili direnak, hasiberriak, Bizkaiko Txapeldunak, Txapelketetan parte hartu dutenak, edo sekula parte hartu ez dutenak. “Helburua aniztasun hori lortzea zen, eta lortu da, eta belaunaldien arteko harremana sustatzea”.