Zesar Martinez larrabetzuarra zendu da: “Horrenbeste maite zuen lurrak gozo har dezala”

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 27a

Argazkia: UEU

Joan den zapatuan, maiatzak 23, izan zuen bizikleta istripua 58 urteko Martinezek, Gatikan. Gurutzetako ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatera eraman zuten larrabetzuarra, martitzen, maiatzak 26, eguerdian hil zen arte, lagunen eta senideen babesean. 

Gaztetan mugimendu internazionalistan hasi zen Martinez, eta, ordutik, hainbat arlotan lanean jardun zuen: besteak beste, Joxemi Zumalabe eta Iratzar fundazioetan, Sare Herritarrean eta Larrabetzuko Gurpide nekazarien eta kontsumitzaileen elkartean. EHUko soziologia irakaslea zen.

Hain zuzen ere, Larrabetzuko EH Bildutik, etxekoei doluminak helarazi dizkiete: “Zesarrek arazoak aukera ere izan daitezkeela irakatsi zigun, herri berekoen artean begirunea eta enpatia gailendu behar direla eta herrigintza dela gure iparrorratza. Horrenbeste maite zuen lurrak gozo har dezala”.