Hasteko, agian, galderarik zailena. Zergatik da Nerea Sanz Olabarrieta aktorea?
Egia esan, ez daukat erantzun argirik galdera horretarako. Inertzia izan daiteke. Txikitan eskolaz kanpoko jarduera asko egin nituen, tartean antzerkia, eta gehien gustatu zitzaidana izan zen, gustuko nuen zelan sentitzen nintzen bertan. Are gehiago, gehien iraun nuen eskolaz kanpoko jarduera izan zen… eta orain arte. Intuizioa ere deitu ahal zaio. Azkenean gozatzen nuen zerbait aurkitu nuen, eta bide hori jarraitu dut gaur egunera arte. Orain, honetaz bizi nahi dut.
Eta ikasketei dagokienez, zein izan da zure bidea?
Sondikako antzerki eskolan eman nituen nire lehen pausoak Aitor Fernandinorekin batera, bertan egon nintzen Txorierriko Institutuko garai luzean. Gero, Batxilergo Artistikoa egiteko hautua hartu nuen, Bilboko Ibarrekolanda zentroan. Bertan, kultura mota desberdinez bete nintzen. Baina gradua aukeratzerakoan aukeratu beharra nuen, eta Madrileko RESAD antzerki eskolara joatea erabaki nuen. Egia esan sartzeko probak saiatzearren egin nituen, banekien oso zaila zela sartzea. Hurrengo urterako probak zelangoak ziren ikusteko egin nituen gehiago, berez, urte horretan sartzeko baino. Zorte handia izan nuen eta sartu ahal izan nintzen. Lau urteak osatu eta gradua atera nuen.
Eta bide horretan, zenbateko influentzia uste duzu izan duela Larrabetzun jaiotzeak?
Azkenaldian asko pentsatu izan dut horretan. Ez banintz Larrabetzun jaioko, beste edozein herritan jaioko banintz, ez dakit non egongo nintzatekeen, baina zalantzan jartzen dut antzerkigintzaren bide hau jarraituko ote nuen. Larrabetzu kulturalki oso piztuta dagoen herria da, txikitatik kultura eskaintza zabala eta anitza bizi ahal izan dugu: Hori Bai Gaztetxean, jaietan, asteburuetan… Hori guztia barik ez dut uste orain hemen egongo nintzenik. Badaukat sentsazioa oso garrantzitsua izan dela nire bidean.
“Larrabetzun aspaldiko inertzia bat dago kultura-rekiko eta herri mugimenduarekiko”
Hori izan daiteke arrazoia Larrabetzun hainbesteko kultur eragile desberdinak egoteko?
Izan daiteke. Denetarik dago. Herriak bere herritarrengatik funtzionatzen du, eta Larrabetzun kultur maitale asko dago. Euskal Herritik bidaiatzen dudanean, Larrabetzukoa naizela esaten dudanean, asko dira herria ezagutzen dutenak. Badauka zerbait berezia Larrabetzuk. Bere herritarrak izan daitezke, kulturalki oso aktiboak, gogoak daude gauzak egiteko. Aspaldiko inertzia bat dago kulturarekiko eta herri mugimenduarekiko. Egia esan, ez daukat erantzun argirik, jendea bera izan daiteke.
Eta herritar horien artean, Olaia Aguayo: kinto berekoak, kuadrillakoak, lagunak eta lankideak.
Komediarekin hartzen dugu egoera. Pentsa daiteke gurea lanbide oso lehiakorra dela, baina Euskal Herrian ez daukat hainbesterako sentsazio hori, eta are gutxiago Aguayorekin. Lehen unetik berari gertatu zaizkion gauza zoragarri guztiak, nik opari bat bezala hartu ditut niretzako. Askotan casting berdinetara aurkezten gara eta elkarri asko laguntzen diogu. Laguntasun oso sendoa daukagu.
Pentsatzen zenuten txikitan, lagunak izateaz gain, eszena ere partekatuko zenutenik?
Ez. Ni antzerkigintza munduan murgildu nintzen, bera ere arte munduan sartu zen, baina beste alde batetik. Jone, batzuetan filmean parte hartzeko aukera izan zuenean, nik argi izan nuen aukera ezin hobea zela. Kuadrillan beti dago anekdotak eta istorioak kontatzen, baina kontatzen dakienaren sentsazioa izan dut beti. Beraz, ezustekoa bai izan zela, baina ez ninduen harritu. Egia esan, ez nuen inondik inora imaginatuko, baina gero, ondo pentsatuta, badakit gertatu ahal zen gauzarik naturalena izan dela. Ezusteko polita izan da.
Hain zuzen ere, dagoeneko elkarrekin lan egin duzue eta guzti Jone, batzuetan lanean. Zer suposatu du zuentzako?
Oso naturala izan zen. Azkenean, nire pertsonaia bere laguna zen: juerga baten, lagunekin, gozatzen eta zaintzen. Sara Fantovaren lan egiteko moduak ere asko lagundu zigun. Oraindik uste dut ez garela kontziente zenbateko garrantzia izan duen gure ibilbidea Jone, batzuetan filmarekin hasteak. Lanean hasi naizenean konturatu naiz industria beste alde batetik doala. Industria ez da Jone, batzuetan. Zerbait oso berezia izan zen, grabaketa, aktoreak… Dena. Ikaragarria izan zen produkzio lana, eta oro har, prozesu guztiak zerbait oso berezia sortu zuen. Uste duguna baino garrantzitsuagoa iruditzen zait horrelako lan eredu bat zinematara ailegatzea.
Aguayo bezalako lagun batetik Itziar Ituño bezalako erreferente batekin lan egitera heldu zara oso denbora gutxian.
Beste produkzio mota bat izan da Argi gorriak. Askoz presa gehiago zuen, hausnartzeko eta pertsonaiak ezagutzeko denbora gutxiago izan dut. Presio gehiago sentitzen dut horrelakoetan, denboraren gestio aldetik batez ere. Horregatik, Ituño bezalako aktore bat ondoan izateak asko lasaitu nau. Denbora asko darama industrian eta nire tentsioak eta beldurrak lasaitzeko gai izan da. Horrela ere ikusten duzu, berez, posible dela horrelakoetatik gozatzea ere. Oso eskertuta nago mundu hau hainbeste ezagutzen duen aktore batekin lan egitegatik.
Alde horretatik, Luciaren paperak zer eman dizu?
Prozesu luzea izan zen, baina oso lotuta amaitu zuen Luciaren pertsonaiarekin. Apur bat galduta neukan puntu inozente eta dibertigarri hori berreskuratzen lagundu dit. Asko maite dut Lucia eta horregatik jarraitzeko gogo handiak ditut.
“Nahi dudana da lagunekin elkartu, sortu eta forma eman esan nahi dugunari”
Hala ere, noizbait aipatu duzu an- tzerkia nahiago duzula, zergatik?
Gero eta argiago daukat antzerkia eta zinema bi mundu oso desberdin direla. Gaur egun, pertsonalki, antzerkian sentitzen eta bizitzen dudana, nire lankideekin eta publikoarekin zuzenean, oraindik ez dut zineman sentitu. Antzerkian denbora gehiago dago gauzak lantzeko eta harremanak sortzeko, publikoarekin adibidez. Idealena izango litzateke zinemako prozesuek antzerkietako erritmoak izatea. Jone, batzuetan lanean, esate baterako, horrelako zerbait lortu genuen. Zinema askoz arinagoa da, artifizialagoa.
Baina, batez ere hastapenetan, izen bat lortzeko errazagoa da zinema.
Antzerkira askoz jende gutxiago doa. Gaur egun film bat ikusteko jendea ez da ezta etxetik atera behar. Orduan, askoz jende gehiagok ikusten dut pantailaren aurrean egiten duzuna, eta errazagoa da ezagutaraztera ematea.
Eta bi munduak elkar elikatzen dira?
Bi profesio desberdin dira. Kamara aurrean izatea da edo antzoki bateko azken ilarako ikuslearengana heltzea. Bietara modu berean heldu behar zarelako. Zinemara entseguak egin barik joan zaitezke, antzerkigintzan, ordea, hori ezinezkoa da. Eta nik bide horretaz gozatzen dut gehien, pertsonaia ezagutzeaz, lankideekin lan egiteaz. Hori da zatirik sortzaileena, niri gehien gustatzen zaidana, eta ikuslearekin konektatzen duzunean, denak egiten du gora, harremana eta erantzuna zuzena delako. Amankomunak diren gauzak daude, baina gero eta argiago daukat bi mundu desberdin direla.
Euskal zinema modan edo goranzko bidean dagoela diote, zelan ikusten duzu zuk?
Jendea lan handia egiten ari da, bizirik dago. Beti dago Euskal Herritik kanpora mugak zabaltzeko intentzioa eta hor sartzen da zein puntutaraino heltzen den euskal zinema. Beharrizana badagoen, adibidez, ateratzeko edo ez. Ez dut uste askok euskal zinema deitzen dioten hori euskal zinema denik. Niretzako euskaraz eta euskaldunentzako zinema da euskal zinema, ez Euskal Herrian kokatuta dagoen edozein produkzio. Horrelako asko daude azkenaldian.
Eta euskal antzerkia, zelan dago?
Antzeko egoeran dago. Bueno, are eta jende gutxiago doa euskal antzerkia ikusten. Borroka etengabea da, badakizulako seguruenik galtzen aterako zarela, baina borrokatu behar den zerbait da. Gure belaunaldietan, gainera, gaztelaniak indar handia hartu du azkenaldian, baina gure hurbileko errealitatearen erreferente izan nahi dugu. Ni justu orain gazte konpainia baten nago eta errealitate eta borroka hori daukagu, ez garelako denak euskaldunak.
Zuk Madrilen ikasi duzu, Euskal Herrian badago ikasteko aukerarik?
Bai, Dantzerti bezalako eskolak daude. Aukera bikaina da. Nire kasuan, apur bat kasualitatez joan nintzen Madrilera. Apur bat idealizatuta dagoela esango nuke, ez da beharrezkoa bertara joatea bidea egin ahal izateko. Inurritegi bat da, ez duzu zure tokia aurkitzen. Eskaintza handia dago, baina jendetza ere ikaragarria da. Bere ametsaren bila doan jende asko doa, toki guztietatik gainera. Esate baterako, Madrilen ez duzu aurkituko entseguak egiteko doako tokirik, Euskal Herrian Gaztetxeak edota bestelako espazioak ditugu. Dena da askoz errazagoa, komunitate bat dago.
Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?
Lagunekin lan egiten ikusten dut nire burua, izan antzerkian edo zineman. Sorkuntza aldea ere gehiago garatu nahiko nuke. Hau da, lagunekin elkartu eta sortu eta forma eman esan nahi dugunari. Hor imajinatu nahi dut nire burua. Azken obra bai izan dela sorkuntza kolektibo bat: sei pertsonaren artean sortu dugu antzerki bat. Ez dut aktorea izan nahi nire bizitza osoan, sorkuntza alde hori garatu nahi dut. Hori bai, taldean, lagunekin, bakarrik errespetu handia ematen dit.
Horretarako daude, adibidez, azkenaldian indar handia hartu duen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bezalako egitasmoak.
Bai, laguntza asko daude. Sentsazioa daukat askotan gehiegi itxaroten dugula, batzuetan nahikoa da ideia izatea garatu ahal izateko. Bizitza badoa aurrera eta egin nahi zenuen obra hori amets soil batean geratzeko arriskua dago. Hobe da saiakera egitea. Eta horrelako laguntzek aurrerapausoa emateko oso lagungarriak dira. Ni pozik egongo nintzateke lagunekin obra bat egin eta Euskal Herritik erakutsiko bagenu.
Sanz, 
