Beste edozeinek bezala

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 28a

(Aner Mentxaka Alvarez)

Manu Serrano Vicario
09:20. Sartu. Leihoak zabaldu. Postontzira joan. Gutunak atera. Karteldegia begiratu. Iraungitako kartelak kendu. Ordenagailua piztu. Lan egin. Egunerokotasuna azken batean. Edozeinena. Kasu honetan, Larrabetzuko liburutegiarena. Ekainean, Manu Serra Vicariorena.

Manu edo Manel, berak lehendabizikoa nahiago du, beraz, horrela deituko diogu. Down sindromea duen larrabetzuarra da. Aski ezaguna herrian: futbolzale amorratua, Uritarraren jarraitzaile sutsua. Beste edozein larrabetzuar bezala. Manu, gainera, “oso larrabetzuarra” dela dio: “Niretzako egun bakoitza da Kuadrilla Eguna, batzuekin eta besteekin elkartzen naiz”. Hain zuzen ere, beste edozein bezala ikasten dabil Manu, eta praktikak ere osatu ditu, herriko liburutegian.

Administrazioa ikasi du, eta “oso pozik” egon da praktikak herrian osatzen. “Denetarik” egin duela dio: kudeaketa kontuez gain, Excel erabili edota liburutegiko gauzak ordenatu. Euskal Herriko Down Sindrome Elkartearen eskutik, Lanbiden ikasi du, lehen bi urteetan Deustuko Unibertsitatean, eta azken urtean Santurtziko Calasanz ikastetxean. “Ahalegin ikaragarria” egin du dio Bego Vicario Calvo bere amak, batez ere bidaiei dagokionez. Begok berak eraman du egunero. “Asko eta asko dira hirugarren urtean ikasketak uzten dituztenak, eta ez da zilegi”.

“Nota bikainak” atera dituela dio amak harrotasunez. Horregatik, praktikak “etxetik hurbilago” egin nahi izan zituzten familian. Larrabetzuko Udaletxera jo zuten eta liburutegiko aukera suertatu zen. “Manelek (amak horrela deitzen dio) beste batzuek baino ibilbide luzeagoa izan zezakeela uste genuen, hau da, ez bakarrik mugatzea guztiek egiten dituzten ikasketa edo lanetara”.

Larrabetzun praktikak egin nahi izateak ere bazeukan beste “pisuzko arrazoi bat”: ostera ere euskaraz hitz egitea. “Txikitan Larrabetzun betidanik euskaraz hitz egin izan du, baina ikasketekin hasterakoan, erdera ikasi behar izan zuen”. Izan ere, etxean ere gaztelaniara jo zuten egunerokotasunean ikasi ahal izateko, bazekiten harremantzeko beharrezkoa izango zuela. “Bidegurutze batean” sentitu da familia. Batetik, gaztelaniaz hitz egiteko beharra ikasketetan aurrera egin ahal izateko. Baina, bestetik, euskara galdu nahi ez izatea. “Ikasketak bakarrik dira gaztelaniaz eta bidean euskara maila handia galdu du. Euskara berreskuratzea zen bertan praktikak osatzeko helburu nagusietako bat, hemen denok hitz egiten dugulako euskaraz”, azaldu du Begok.

Maite Zenarruzabeitia liburutegiko arduraduna ere “oso pozik” dago Manurekin. Konturatu orduko, eta batez ere egitekoari martxa hartu orduko, amaitu zaio praktikaldia. “Guretzako ere berritasuna izan da, fundazioko laguntzaileak izan ditugu alboan eta asko eskertu dugu, batez ere Patxi Gaztelumendiren laguntza. Azkenean, pixkanaka joan behar izan gara ikusten eta ikasten, ez bakarrik zertan lagundu zezakeen, baita ere zertan sentitzen zen bera eroso eta konfiantzarekin”. Esperientzia “oso aberasgarria” izan dela nabarmendu du. Manuk ikasten jarraitu nahi duela “argi” dauka. Baina amak susmoa dauka jarraitu nahi duela “gustura” lan egiteko tokirik aurkitzen ez duelako. Eskaintza “oso txikia” izaten duela dio. Alde horretatik, Manu “oso aktiboa” da. “Entrenatzailea izatea gustatuko litzaidake”. Aukera gutxi izateaz gain, “ardura, presentzia eta esfortzua” eskatzen duten postuekin egongo zen Manu “pozik”. Horregatik, adibidez, ez du lanik egin nahi momentuz, hurrengo ikasturtean merkataritza ikasten hasiko da. “Matematikak gustatzen zaizkit eta orain arte ikasitakoa baliagarria izango zait”.

“Idealena jardunaldi erdiko lan bat izango litzateke, etxetik hurbil, non ardura eta konfiantza duen bere lana egin ahal izateko”. Bitartean, Manuk egunero ikasten jarraituko, gure bizitzan denok egin beharko genukeen bezala.