“J Martina agurtzera dator”. Horrela eman dute Katalin eta Ane Barcena larrabetzuarrek J Martina taldeak bere ibilbidea amaituko duelaren berri. “Ibilbide eder honi amaiera emateko azken kontzertu batzuk antolatu ditugu, eta gurekin batera proiektu honek emandako guztia ospatzera gonbidatu nahi zaituztegu”.
Hain zuzen ere, argi izan dute beti J Martinaren asmoa “mundu zaharraren kontra, eskuartean dugun beste zerbait horri kantatzea. Artea fusil bilakatzea”. Badakite gero eta jende gehiago direla “mundu berri baten aldeko borrokan” lan egiten dutenak eta espero dute bide horretan “gure ekarpena” egin izana.
Eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektuaren parte izan diren guztiei, baita babestu eta bultzatu dutenei. “J Martina jende askoren artean egindako proiektu bat izan baita beti”. Horrez gain, esker bereziak eman dituzte “gure musika gunera eraman duzuen guztioi”, batez ere, gaztetxe, espazio autogestionatu, zentro sozialista zein elkartasun ekimenei. “Gure kantuak bertan hartu dute zentzua”.
“Kalei su ematen ikusiko dugu elkar, eta bide horretan, jazartuak izaten ari direnen zein izango direnen alde, bira honen etekin ekonomiko guztiak faxismoari aurre egiteagatik erreprimituak izan direnentzako bideratuko ditugu”.
Oholtzak utzi baino lehen, ordea, agur bira osatuko dute. Hurrengokoak dira tokiak eta datak:
- Abenduaren 12an, Garaziko Gaztetxean.
- Urtarrilaren 5ean, Gasteizko Jimmy Jazzen, Kalipotxoren batera.
- Urtarrilaren 16an, Atarrabiako Totemen, Silitiarekin batera.
- Otsailaren 4an, Bilboko Kafe Antzokian, Mirotzekin batera.
- Otsailaren 6an, Donostiko Zentro Sozialistan, talde sorpresarekin