Diru gutxirekin konpon litekeen arazoa dute Kurutzeko auzokideak, Lezaman: pertsona ezinduek gaindiezinezko trabei egin behar diete aurre, euren kontura handik mugitu ahal izateko.
Badira 14 urte bertako bizilaguna den Bernardo elbarria dela, eta azken urteotan etxekoek hainbat bider jo dute Udalera, sufritzen duten arazoaren berri eman eta konponbidea eskatzera. Baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Ulertezina da egoera horretan dagoen pertsona batek arartekoarengana jo behar izatea, Udalak ez duelako aintzat hartzen erraz konpon daitekeen gaia.
Jakin dugunez, Elbarrien Elkartekoek ere txosten bat bidali diote Udalari, eta aipatutako trabak ezabatzeko egin beharreko aldaketak azaldu dituzte bertan.
Nire ustez, gaur egun Kurutzen elbarri bakar bat ez balego ere, egoera horretan egotea edonori suerta dakiokeela kontuan hartu beharko luke Udalak. Beraz, gure kaleak eta zintarriak egokituta egon beharko lirateke, edozein elbarri bere kabuz mugitu ahal izateko, bai bere auzunean, bai herriko edozein gunetan. Ez da ahaztu behar konponketa horietan gastatzen den dirua herritar guztion zergetatik ateratzen dela.
Obra berriak egiterakoan, aurretiaz hartu beharko dira neurriak, eta lehendik dauden oztopoak konpondu, pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko.
Udala obra berriak egiten dabil Kurutze inguruan, eta egingo diren bideak, zintarriak eta abar egokiak eta erosoak izango direla uste dugu. Eta bide batez, lehendik dauden trabak ezabatuko dituztela. Horrela bada, helduko da zoriontzeko unea.