Herri bideak berrerabiliz Lezaman

Aikor aldizkaria 2007ko uzt. 16a, 15:15

Basobaltz Jai Batzordeak, Gailur Mendi Taldeak eta Lezama Bizirik Auzo Elkarteak Lezamako II. Mugarriz Mugarriko Lasterketa/Martxa antolatu dute. Ekitaldia irailaren 2an (San Antolin eta domeka) izango da eta hasiera emango die herriko jaiei. Lasterketa/Martxak Lezamako auzo bideak zaindu eta berreskuratzea du helburu eta iaz egin zuten lehenengo aldiz. Bide horiek desagertzeko zorian daude eta antolatzaileek behar-beharrezkotzat jotzen dituzte “ez soilik komunikabide moduan, baizik eta naturaz gozatzeko leku eta herritarren topagune bezala ere bai”. Horrela, auzokideak, mendizaleak eta korrikalariak elkartu nahi dituzte eta martxan ipini Lezamako mugetan zehar, bide zahar zein berriagoetatik. Era berean, partehartzaileek historikoki oso inportanteak izan diren hainbat mugarri bisitatzeko aukera izango dute: Gaztelumendi eta Gangurengo tontorrak eta bertan 36ko gerrari lotutako Burdinazko Hesiaren bunkerrak; San Martin Baso parke botanikoa; Erdi Aroko Lezamako Dorrea eta Olazarrako antzinako burdinola (errota bihurtu zutena beranduago), besteak beste. Martxa 8:30ean aterako da Andra Mari elizako plazatik eta lasterketa, 9:30ean. Biak Legina auzoan amaituko dira 14:00etan. Guztira 22,5 km izango dira –ibilaldian zein lasterketan-, hala ere, martxaren azken kilometroetan ibilbide alternatibo bat (10 km) eta dortsalik gabekoa egiteko aukera emango da. Denborak kontrolatzeko postuak eta anoa-postuak bost lekutan jarriko dituzte: Gaztelumendi – Km 5; Parke Botanikoa – Km 10, 5 (osasun laguntza); Lezamako Dorrea –Km 14,5; Biberoa – Km 19 (osasun laguntza) eta Legina auzoa – Km 24 (helmuga). Lasterketan 200 korrikalarik baino ezin izango dute parte hartu eta martxako partehartzaileen kopurua, berriz, mugagabea da. Partehartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da eta izen emateak 6 euro balio du lasterketan eta 3 euro, martxan. Lasterketan zein martxan kategoria bi egingo dira: bata emakumezkoentzat eta bestea gizonezkoentzat. Partehartzaile guztiek izango dute saria eta helmugara ailegatzen diren lehenengo lasterkariek –emakumea zein gizona- txapela eta garaikurra jasoko dituzte. Martxan denborarik egokiena egiten duten gizonari eta emakumeari ere emango zaizkie txapela eta garaikurra. Izen ematea egiteko eta informazio gehiago jasotzeko, hurrengo korreoko helbide eta telefonoetara jo daiteke abuztuaren 1etik aurrera: lezamabizirik@lezamabizirik.com / 686415758 eta gailurmt@euskalnet.net / 662137009. Izen ematea irteeran ere egin daiteke goizeko 8ak baino lehenago. Datu teknikoak Gehienezko kota: Ganguren gailurra, 475 m. Gutxienezko kota: Andra Mari eliza (irteera), 30 m. Igoeran metatutako desnibela: 900 m. Jaitsieran metatutako desnibela: 750 m. Zoru motak: 8 km, asfaltoa edota porlana; 6 km, lurrezko pistak; 10 km, baso edo mendiko bideak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).